argia.eus
INPRIMATU
Frackingaren aurkako ekintzaileentzat, Ineos (Sky) txirrindulari taldearen jabea “deabrua” da
  • Sky txirrindulari talde britainiarra INEOS konpainia petrokimikoak erosi duela-eta, haserrea agertu du hainbat talde ekologistak, frackingaren aurkako kolektiboek tartean. Yorkshireko Itzulian protestak egingo dituztela iragarri dute.

Jon Torner Zabala @jtorner 2019ko apirilaren 26a
Frackingaren aurkako ekintzaileak, Jim Ratcliffe "deabruaren" maskarekin / Shropshire Star

Frack Free United sareko ordezkari Steve Masonek jakinarazi duenez, manifestarien artean INEOS enpresako jabe Jim Ratcliffe magnatearen 15.000 maskara banatuko dituzte, buruan deabru adarrak dituztenak. "Lasterketa baliatu nahi dugu kontzientziak astintzeko; ez dugu probaren aurka egin nahi, baizik eta Ineos talde berriaren atzean dagoena azaleratu", adierazi du Masonek, Cyclingnews webgunean irakurri daitekeenez: "Ineos zer den erakutsi nahi dugu, Yorkshireko lurrak zulatzen utziz gero zein inpaktu izango lukeen azaldu. Lotsagarria da Ratcliffek kirola baliatzea erregai fosilen irudia garbitzeko".

Zentzu berean mintzatu da Oil Change International erakunde ekologista. Txirrindulari taldea babestuta, Ineosek "garbiketa berdea" egin nahi duela salatu du. Hainbat kolektibok gogorarazi du aurreko denboraldian Sky taldeak ozeanoetan pilatzen den plastiko kopuruaren aurkako kanpainarekin bat egin zuela, eta hain justu, Ineos dela plastiko ekoizlerik handienetakoa Europan.

Yorkshireko Itzulia datorren ostegunean (maiatzaren 2an) hasiko da.