argia.eus
INPRIMATU
Lau ekintzaile espetxeratu dituzte Ingalaterran, frackingaren makinaria zeramaten kamioietara igo zirelako
  • Frackingaren aurkako lau ekintzaile espetxeratu dituzte irailaren 25ean, frackingerako lurra zulatzeko makinaria garraiatzen ari ziren kamioietara igo eta beren lana oztopatzeagatik, The Guardian egunkariak jaso duenez.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2018ko irailaren 28a
Ezkerretik eskuinera, Richard Loizou, Richard Roberts and Simon Roscoe-Blevins epaitegi kanpoan, sententzia jaso aurretik. Argazkia, Getty Images.

Frack Free 4 izenez ezagun egin den laukotea espetxeratua izan da 2017ko uztailean era baketsuan egin zuten protesta batengatik Lancashire inguruetan, Ingalaterran. Herritar ugarik errepidea moztu zioten frackinga egiteko makinaria zeraman kamioi konboiari, eta lau kide hauek, bakoitza kamioi baten gainera igo zen. Reclaim the Power izeneko kanpainaren barnean izan zen protesta hau. Lauek launa egun egin zituzten kamioien gainean, janaria, lotarako zakuak eta behar zutena elkartasunez ematen zieten herritarrei esker.

Epaitegietan salatu zutenez, beren krimen bakarra ekintza zuzen baketsua egitea izan zen, "bide demokratikoak jorratu gabe inposatu nahi duten aktibitate bati aurre eginez".

Ekintzaileak kamioietara igota.

Lancashire inguruko herrietako ordezkari instituzionalek hainbat aldiz agertu izan dute frackingaren aurkako jarrera. Cuadrilla izeneko enpresa da Erresuma Batuan frackingaren bultzatzaile nagusia.

Espetxera bidali zituzten egunean, goiz ala berandu, frackingaren aurkako borrokak irabaziko duela adieraziz eta beraien protestaren zergatiak azalduz bideo bat zabaldu zuten.

 

Honela amaitzen du kronika The Guardian egunkarian Sandra Ladille kazetariak: Gobernuak atzera bota zuen Lancashire barrutiko kontseiluak hartutako erabakia eta Cuadrilla energia enpresari baiezkoa eman zion gasa ateratzeko 2016ko urrian. Cuadrilla frackinga egiteko eremua eraikitzen hasi denetik, 2017ko urtarriletik, 300 protestari baino gehiago atxilotu dituzte.