Konstituzionalak frackinga mugatzen zuen EAEko legea aldarazi ondoren, Fracking Ez eta Berriztu taldeek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote argitzeko "lurraldea zulatzeko asmoa duen edo ez".
Euskal Autonomia Erkidegoan fracking-a egiteko baimenak indarrean dituen erakunde bakarra Eusko Jaurlaritza da, eta are gehiago, badaude eskatuta dituen baimen batzuk eta oraindik onartu gabe daudenak. Bere garaian, hainbat enpresa pribatuk gasa lurretik ateratzeko eskatu zituzten baimen guztiak bertan behera geratu dira. Hartara, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak fracking-a mugatzen zuen EAEko legea aldarazi ondoren, erkidegoko gobernuaren esku dago erabakitzea aurrera jarraitzen duen edo ez teknika honekin.
Hala gogoratu dute Fracking Ez eta Berriztu mugimenduek elkarrekin Gasteizen egin duten agerraldian: "Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean daude Enara Handia baimena, Saia baimena, eta Arabako Errioxan eta Errioxan (Espainia) dauden beste batzuk, denak dira Jaurlaritzarenak".
Hortaz, Lakuari eskatu diote argitzeko lehenbailehen "aprobetxatu nahi duten Auzitegi Konstituzionalak egin duen aldaketa fracking-a egiteko berriro, edo erabat baztertuta dagoen, egon beharko lukeen bezala". Bide batez ohartarazi dute fracking-era itzultzeko borondatea baldin badago, "erantzuna tamainakoa izango da, indartsua".
Agerraldia Legebiltzarrean
Luis Casado mugimenduotako bozeramaileak azaldu duenez, hil honen 21ean Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin behar dute Energiaren Euskal Erakundeko (EVE) zuzendari Iñigo Ansolak eta SHESAko zuzendari Luis Muñozek, Armentia II putzua burutzeko tramitazioaren inguruan. Batzar horretan egoera argitu daitekeela uste dute herritar plataformako kideek: "Eusko Jaurlaritzari erregai fosilen eta, kasu honetan, gasaren apustua alde batera uzteko premia helarazten diogu, indarrean dauden baimen guztiak bertan behera utziz".
Casadok gaineratu duenez, fracking-a sustatzeko sortu zen SHESA elkarte publikoa "desagertu behar da", eta EVEk "egiazko trantsizio energetikoa lortzeko lan egiten duen erakunde bat izateko eraldatu behar du", efizientzia, kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrietan oinarritzen den eredua bultzatuz.
Ebazpen "tamalgarria"
Halere, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak EAEko legea aldatzea "tamalgarritzat" jo dute Berriztu eta Fracking Ez plataformek. Gogoratu dute fracking-a mugatzen zuen legea 103.589 sinadurek bultzatu zuten herri ekimen legegile batetik abiatu zela, eta onartezina dela "Estatuko gobernuak zulatuak izan daitezkeen eremuetako biztanleen borondatearen gainetik pasatzea". Gainera, Casadoren esanetan, legea murriztu dute fracking-a egin nahi dutenentzako bidea erraztuz, "eta gure osasuna eta bizimodua suntsituz".
Albiste hau Arabako Aleak argitaratu du eta ARGIAra ekarri dugu CC by-sa lizentzia baliatuta