Gasteizko Legebiltzarrak onartu egin du hidrokarburo ez-konbentzionalak erauzteko prozesuan eta haustura hidraulikoan ingurumena babesteko neurri osagarriei buruzko legea (ikus hemen testua osorik), EH Bildu, PSE-EE eta PPren aldeko botoekin. EAJ eta UPyD abstenitu egin dira.
Izenak besterik iradokitzen badu ere, de facto EAEn haustura hidraulikoa erabiltzea eragozten du lege onartu berriak. “Frackingerako atea erabat itxi ez den arren, momentu honetan atzo existitzen ez zen babes neurri sorta badagoela esan dezakegu”, baloratu du, Legebiltzarreko bozketa amaitutakoan, Fracking Ez plataformak, 103.000 sinadura bilduz legea onartzeko prozesua abian jarri zuen taldeak.
Pozik agertu dira Fracking Ezeko ordezkariak, iazko irailean Legebiltzarrera eraman zuten lege proposamenaren eta azkenik onartu denaren artean desberdintasun nabarmenak izan arren.
Jatorrizko lege proposamenaren testuak frackingaren erabateko debekua ezartzen zuen. Espainiako Estatuko aurrekariak ikusita, ordea, segurutzat jo zitekeen halako arau batek ibilbide laburra egingo zuela; halaxe gertatu zitzaion, besteak beste, Nafarroako Parlamentuak 2013an onartutakoari.
Bai lege hura bai estatuko beste zenbait erkidegotakoak baliogabetu egin zituen Espainiako Konstituzio Auzitegiak, Madrilgo Gobernuaren helegiteak aintzat hartuta. Argudio nagusia zen erkidego batek ezin duela bere kabuz frackinga debekatu, hidrokarburoen ustiapena estatuaren eskuduntza baita.
“Beste aukera bat geneukan: gure eskumenen esparruan frackingari trabak jartzeko bideak bilatzea, Katalunian egin duten bezala”, azaldu dio ARGIAri Dani Maeztu EH Bilduko legebiltzarkideak. Gogoan izan behar da Konstituzio Auzitegiak, hasiera batean frackingaren lege kataluniarra aldi baterako indargabetu bazuen ere, indargabetze hori ezabatu zuela joan den martxoan.
EAEko legearen 3. artikulua, izan ere, Kataluniako legeak dioenaren oso antzekoa da. Horren arabera, ez da baimenduko haustura hidraulikoa erabiltzea lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako eremuetan, teknika horrek inguruko ezaugarri geologikoei, ingurumenari, paisaiari edo baldintza sozioekonomikoei kalte egin badiezaieke.
5. artikuluak, berriz, frackinga debekatzen du EAEko akuiferoen kutsadurarekiko zaurgarritasunaren mapan arrisku ertain, handi edo oso handikotzat jotzen diren guneetan. Artikulu horren ondorioz ezinezkoa izango da haustura hidraulikoa baliatzea Arabako ia lurralde osoan, besteak beste.
Alta, artikulatuan “debeku” hitza agertzea aitzakia izan daiteke Espainiako Gobernuak lege berriari helegitea ipintzeko. Hala bada, borroka interesgarria suertatuko da Dani Maezturen iritziz, “EAEren eskumenak egongo liratekeelako jokoan”.