Lakuako Gobernuak “Saia” izeneko eremurako ikerketa baimena eman zuen atzo. Frackinga eraiki nahi duten enpresa berdinek eskatu dute baimena eta ez dituzte ikerketaren asmoak plazaratu. Fracking Ez Araba plataformak Info Zazpi irratian azaldu du “Gobernua aldatu aurretik PSEk azken minutuan egin nahi duen gauza dela, frackinga baimentzea”.
Mikel Otero Fracking Ez Araba plataformako kidea harrituta azaldu da PSEren erabakiaren aurrean: “Argi erakutsi dute interesa dutela proiektuan baina ez dugu ulertzen zergatik duten hainbesteko presa. Gerorako bidea prestatzen ari ote dira edo interes pertsonalak ote dituzte… Ez dakigu”.
Hauteskunde kanpainetan alderdi politikoak frackingaren aurka azaldu ziren. PSEk, esaterako, frackingaren aurkako jarrera azaldu zuen Europan, baina Oterok dio proiektua etengabe bultzatu dutela. Bruselan frackingaren inguruko bi txosten azaleratu zituzten: lehena industrialdearekin zerikusia zuena eta bigarrena ingurumenarekin. Oterok jakinarazi duenez, bigarrengo honek kezkatuta azaldu ziren PSE eta EAJ, horregatik “ulertezina” iruditzen zaie PSEk hartutako erabakia. “Hau azken minutuan aurrera atera izana tamalgarria iruditzen zaigu”, gaineratu du.
50.000 hektarea dituen baimena litzake: Arabako iparraldetik Bilboraino, hegoaldetik Laudioko bailararaino, mendebaldetik Ordexola ingururaino eta ekialdetik Arratiako bailararaino.
Plataformaren estrategia
Plataformak lanean jarraituko duela jakinarazi du Mikel Oterok, informazioaren bideari jarraituko diotela. Era berean, Udalerrietako kanpainari ere helduko diote eta Gobernuari begira aldaketak emateari itxoingo diote: “Gobernu berrien aurrekontuak eta intentzioak jakiteko zain gaude gure estrategia bideratu ahal izateko”. Ekimena diru publikoaren bitartez bideratuko dituztela gogorarazi dute bide batez, baita lanak datorren urtean hasiko dituztela ere.
Durangoko Azokan izango dira aste honetan. Kaleratu berri duten "Fracking Ez" monografikoa aurkeztuko dute bihar arratsaldeko 19:00ean, azoka alternatiboan. Azoka osoan zehar materiala saldu eta informazioa banatzen arituko dira.