argia.eus
INPRIMATU
Frackinga debekatzeko eskatuko dio Espainiako Kongresuak Gobernuari
  • Espainiako Estatuan haustura hidraulikoa debeka dadin eskatzeko legez besteko proposamen bat onartu du Diputatuen Kongresuko Industria, Energia eta Turismo Batzordeak. ERCk aurkeztu du ekimena, eta haren alde egin dute PSOEk, Podemosek, EAJk, eta DiLek. PPk eta Foro Asturiasek aurka bozkatu dute, eta Ciudadanos abstenitu da.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko martxoaren 29a
(Arg.: Tim Evanson-CC By SA).

Onartutako testuaren arabera, frackinga erabiltzea galarazteko behar diren lege aldaketak egin ditzan eskatuko dio Kongresuak jarduneko Gobernuari. Horrez gain, debekua gauzatu bitartean teknika horrekin egin beharreko prospekzioei behin-behineko etenaldia ezartzeko eskatzen du onartutako testuak, hala nola etorkizunerako emanda edo tramitazio fasean dauden baimen guztiak. Moratoria horrek legegintzaldi osoa hartuko luke.

Azkenik, 2015eko maiatzean onartu zen hidrokarburo legetik frackinga sustatzen duten artikulu guztiak kentzeko eskatzen da.

Alderdien argudioak

Proposamena bultzatu duen ERCk argudiatu du frackinga debekatzea pertsonen osasunaren eta biodibertsitatearen aldeko neurria dela, eta bat egiten duela erregai fosilak alboratuko dituen energi eredu aldaketa nahitaezkoarekin. Antzekoak izan dira Podemosek emandako argudioak.

PSOEk PPren frackingarekiko jarrera kritikatu du. Zehazki, deitoratu egin du Espainiako Gobernuak udalentzako diru-laguntzak onartu dituela frackingaren balizko kalteei aurre egiteko. Neurria kaltetutakoen borondatea erosteko amarrutzat jo dute sozialistek.

DiLek, berriz, gogorarazi du Kataluniako Legebiltzarrean eratutako ikerketa batzorde baten arabera frackinga fidagarritasun txikiko eta errentagarritasun ekonomiko eta energetiko eskaseko teknika dela.

Ciudadanosen ordezkariak ere azpimarratu ditu frackingak ingurumenari egin diezaiokeen kaltea eta erregai fosilen jasangarritasun eza. Hala ere, alderdi laranjak batzordean dituen bost kideak abstenitu egin dira, “zuhurtziaz jokatu beharra” argudiatuta.

Erabateko debekuaren ordez, legegintzaldi baterako moratoria ezartzea litzateke egokiena Ciudadanosen ustez; PSOErekin sinatu zuten gobernu-itunean ageri dena bezalakoa, hain zuzen. Martxan dauden baimenak eteteak, esan dutenez, administrazioak kalte-ordainei aurre egin behar izatea ekar lezake.

Azkenik, proposamenaren aurka bozkatu dutenek –PP eta Foro Asturias– esan dute menpekotasun energetiko handia duen herrialde batek ezin duela baztertu haustura hidraulikoa, eta indarrean dagoen legediak teknikaren segurtasuna bermatzen duela.