argia.eus
INPRIMATU
Forum to Fight nazioarteko plataforma berrantolatu dute hainbat ikasle antolakundek, “nazioarteko burgesiaren erasoaldiari elkarrekin erantzuteko”
  • Ikasleen nazioarteko plataformak "krisi kapitalista" azpimarratu du errealitate garaikidearen ezaugarri nagusi modura, eta egoera hori gehien sufritzen dutenak "langile klaseko ikasleak" direla gogorarazi du. Horri aurre egiteko, funtsezkotzat jo du "erantzun borrokalari eta koordinatua".

Gedar @GedarLangileKZ 2020ko abenduaren 17a
Forum to Fighten 2016ko edizioa. Argazkia: Forum to Fight

Forum to Fight (FtF) ikasle plataforma berpiztu dute Europako hainbat ikasle antolakundek, iragan asteburuan jalgitako ohar batean azaldu dutenez. Egitasmoa osatzen duten antolakundeen arabera, "esplotazioa eta geroz eta baldintza okerragoak" utzi ditu krisi kapitalistak ikasle langileentzat. Horrez gain, COVID-19aren testuinguruan, "oligarkia finantzarioaren zuzeneko diktadura" ere nabarmendu dute; "eskubideen murrizketari" eta "aurka egiten dutenen kriminalizazioari" dagokionez, batik bat.

Krisi-fenomenoak hezkuntzan hartzen duen forma zehatzari erreparatuta, "merkatuaren beharretara egokitzen" ari dela dio FtFk, "bere egiturazko zereginari jarraiki". Ondorioz, ikaskuntza-planak eta hezkuntza-curriculumak "datozen belaunaldiak ideologikoki eta kulturalki prestatzeko" moldatuak izaten ari direla ohartarazi dute plataforma osatzen duten Europako ikasle antolakundeek.

Antolakuntza internazionalista

Inguruabar horren erdian, "erantzun borrokalari eta koordinatua" beharrezkoa dela adierazi du FtFk. Halaber, ikasle antolakundeen nazioarteko elkarlanerako jarduera bultzatzeko borondatea azaldu dute kolektibo kideek, "borroka eraginkorragoa izan dadin eta eskala handiagoan gauzatu ahal izateko".

Aurrekariak

Ez dira plataforma europarrak emandako lehen pausoak. Izan ere, 2016. urtean nazioarteko topaketak egin zituzten Laudion (Araba), ikasle mugimenduentzat oinarri eta programa amankomunak ezarri asmoz. Oraingoan, azken urteotako jarduera berrikusi eta etorkizuneko erronkei begiratzeko parada izango dute.