argia.eus
INPRIMATU
Forum To Fight, Europako ikasle mugimenduen foroa Laudion
  • Datorren asteburuan, otsailaren 26tik 28ra, izango da “Europatik datozen erasoei aurre egiteko ikasle frontea sortzea” helburu duen Forum To Fight foroa. Europako hainbat antolakundek hartuko du parte.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko otsailaren 22a

Antolakuntzako kideek azaldu dutenez, foroaren helburua da Europako ikasle antolakundeen arteko harremana sendotzea, eta batez ere, europar mailako ikasle fronte bat abian jartzea: “Europako ikasle mugimendua nahiko ahul dago, eta testuinguru horretan, beharrezkoa da ikasle mugimendu antolatu bat sortzea Europatik datozen erasoei erantzuteko. Erabaki politiko batzuk hartuko ditugu, hori oinarri hartuta, alternatibak eraikitzeko gai izango den ikasle frontea sortzeko”.

Ostiralean elkar ezagutzeko dinamikak egingo dituzte, eta larunbat goizean europar mailako borroka koordinatu hori nola sor dezaketen eztabaidatuko dute. Larunbat arratsaldean, “eztabaida itxi egingo da, eta antolakunde bakoitzeko bi kidek hartuko dute parte eztabaidan: goizean egindako ekarpenak oinarri hartuta, erabakiak hartuko dituzte”.

Bitartean, bi hitzaldi izango dira: alde batetik, Italia eta Suediako kideekin, bi herrialdeen arteko konparaketa egiteko; bestetik, nazio zapalduetako kideek Europako jendeari azalduko diote “zer den nazio zapaldu bateko kide izatea”. Ondoren, Kurdistanen inguruko hitzaldia izango da.

Igande goizean, azken ondorioak itxi, eta Bakaikuko gailurrari buruzko hitzaldia izango da. Amaierako ekitaldiarekin amaituko da foroa.

Suedia, Norvegia, Finlandia, Ingalaterra, Italia, Herrialde Katalanak eta Aragoiko ikasle antolakundeez gain, Aitzina eta Para los Pueblos plataforma osatzen duten antolakundeek hartuko dute parte foroan.