argia.eus
INPRIMATU
Foru Parlamentuko atean izandako istiluetan parte hartu zuten hemeretzi nekazari zigortu dituzte
  • Osoko bilkura egiten ari zelarik ganbera barrura indarrez sartzen saiatu ziren nekazariak. Akordioa lortu dute fiskaltzarekin instituzioen kontrako eraso delitua saihesteko.

Euskalerria irratia @fm983irratia Haritz Pascual Garjon 2024ko abenduaren 13a

Martxoaren 8an gertatu ziren istiluak, neguan landa eremuko enpresari eta nekazari zenbaitek egindako protesten barruan. Goizean goizetik bildu ziren parlamentu aurrean traktoreekin eta apurka giroa berotu zen. Une batean, nekazariak parlamentura indarrez sartzen saiatu ziren. Foruzaingoak ezin izan zuen lehen unean atea itxi eta tentsio uneak bizi izan ziren barrura sartzeko zorian izan zirelako. “Gertakari oso larritzat” definitu zuten gertatukoa exekutiboak eta parlamentuko presidenteak, nafar guztion ordezkaritza den ganbera eraso egiten saiatu zirelako.

Ostegunean egin da epaitegietan lehendabiziko saioa, eta nekazarien defentsak azaldu duenez, akordioa lortu dute fiskaltzarekin. Honela, auzipetutako 19 gizonezkoei zortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diete desordena publiko, desobedientzia larri, autoritateari eraso egin eta zauri arinak eragiteagatik. Ezin ahantzi, Poliziaren kontra gogor egin zutela. Nafarroako Gobernu eta Parlamentuak horrela nahi zuten arren, ez da estatuko instituzioen kontrako erasotzat hartu gertatutakoa.