argia.eus
INPRIMATU
Forondako aireportua 24 orduz irekitzeko prest azaldu da AENA
  • Operadoreen eskariarekin eta aireportuko langileekin izan beharreko negoziaketarekin lotu dute aukera hori.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2018ko apirilaren 25
Trafiko gehiago egoteak tasen handitzea ekarriko lukeela dio AENAk (argazkia: Alea).

Espainiako aireportuen kudeaketaz arduratzen den AENA ez da azalduko Foronda 24 orduz irekitzearen aurka, enpresako kontseilari nagusiak astelehenean adierazitakoaren arabera.

Forondako aireportua 12 orduz irekita dago orain. Enpresako kontseilari nagusi Jaime Garcia-Legazek esan du AENAk egoera hori ahalbidetuko duela, aireko operadoreen eskaria egonez gero, eta langileekin akordio bat lortzen bada. Garcia-Legazen arabera, AENA "oztopo" ez baina "bideratzaile" izango da, "horretarako baldintzak daudenean".

Garcia-Legazek esan du AENAk inork baino interes gehiago duela horretan, trafiko gehiago egoteak tasen handitzea ekarriko lukeelako. Horren aurka egotea "zentzugabea" litzateke, kontseilariaren arabera.

Iñigo Urkullu lehendakariak asteburuan eskatu du aireportua 24 orduz irekita egotea, Bruselak Gasteizko aireportuan Mugaz Gaindiko Ikuskaritza postua jartzeko aukerari oniritzia eman ondoren. Beste behin ere, lehendakariak EAEko hiru aireportuen gaineko eskumenak Jaurlaritzaren esku egotea eskatu du.

Albiste hau Aleak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.