argia.eus
INPRIMATU
Foro Sozialak kezka azaldu du espetxe politikan aldaketarik eman ez delako
  • Foro Sozialeko koordinatzaile Agus Hernanek dio “oso arduratuta” daudela ez dutelako aldaketarik sumatzen espetxe politikan.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 23a
Agus Hernan Euskadi Irratian (Argazkia: Eitb.eus)

Espainiako Gobernu berriak espetxe politikan aldaketak egingo zituela iragarri zuen ekaina eta uztailean eta Espainiako EAE-ko ordezkari Jesus Lozak segurutzat jo zituen aldaketa horiek. Oraindik ez dute pauso nabarmenik izan. Hernanek azaldu duenez bazekiten ez zirela aldaketa handiak emango baina “pixkanaka-pixkanaka aurrera pausoak eman beharko dira”.

109 preso gertura ditzakete Moncloaren irizpidearen arabera, horien arte 70 urteko bi eta 22 preso gaixo daudela gogorarazi du Hernanek eta PPri bere jarrera aurpegiratu dio: “Euskadiko Alderdi Popularrak esan zuen ETAren desegitearekin aldaketak egongo zirela”.

Hernanek Pedro Sánchez Espainiako presidenteari  eskatu dio “interes orokorrean pentsatzea eta alde batera uztea banakakotasunak”. Foro Sozialeko koordinatzaileak dio ez dela “presoen gaia, bizikidetzarena baizik” eta ezer ez egitea “onartezina” dela gaineratu du.