Indarkeria-zikloaren ondorioen konponbiderako agendari dagokionez Covid-19 pandemiak sortutako egoera berriaren inguruko hausnarketa egin du Bake prozesua indartzeko Foro Sozialak.
Kezkatzen duten hiru puntu azpimarratu ditu Foro Sozialak, plazaratutako oharrean.
"Lehenik, eskubide urraketen eta jarrera autoritarioen irudiak ikusi ditugu egunotan. Errealitate kezkagarriak dira, eta, jarraituz gero, gure gizarteak iraganean ezagutu zituen askatasun-murrizketetara eraman gaitzakete berriro ere. Bestetik, buruzagi politiko askoren aldetik, gerra erretorikaz abusatu da pandemia garai hauetan. Eta hirugarrenik, eztabaida politikoa gogortzea. Izan ere, testuinguru honetan, ezinezkoa zirudien horrelakorik gertatzea. Esperientziagatik dakigu alderdien arteko eztabaida gogortzeak ondorio zuzenak dituela indarkeria-zikloaren ondorioak konpontzeko ekimenetan, eta, bereziki, 'Kontakizunaren bataila' deiturikoaren enkistamenduan".
Testunguru berrian konponbiderako agendak zein izan behar duen azaldu du jarraian: "Indarkeria-zikloaren ondorioei dagokienez, ziur gaude konfinamendu garai honek baldintza hobeak sortu dituela konpontzeke dauden hiru korapiloen askatze prozesuari behin betiko bultzada emateko. Lehena, biktimek egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidean oraindik ere irauten duen diskriminazioarekin amaitzea. Bigarrena, salbuespeneko espetxe politika behin betiko indargabetzea eta presoei politika normalizatua aplikatzea. Urgentea da urruntzearekin amaitzea, koronabirus garai honetan zigor gehigarri bat ezarri baitzaie senide eta hurbilekoei eta presoei beraiei ere. Eta, hirugarrenik, gizarte-espazioetatik memoria kritiko inklusibo bat eraikitzea bultzatzea, kontakizun guztiak errespetatuko dituena".
Horretarako, premiazkoa da, batetik, "hitza desarmatzea". Foro Sozialaren hitze tan, "eztabaida politikoan ere deseskalada prozesu bat egin behar da, dauden adostasun horiek beren potentzial osoa garatu ahal izateko eta konponbidea oztopatzen ari diren eta eragile guztiek dituzten beldurretatik askatzeko". Bestetik, lehentasunezkoa da "bizikidetza demokratikoa eraikitzeko dinamiketan sakontzea, gizarte-kohesiorako helburu eta tresna gisa", baita "biktimen eskubideen gaia edo presoei politika normalizatu bat aplikatzeko beharra (urruntzearen amaiera, lehen fase honetan) alderdien arteko gatazkatik ateratzea, eraginkortasunez ekin ahal izateko".