Urriaren 16an 39 urte bete dira GALek bi gazte tolosarrak Baionan bahitu zituenetik. Foro Sozial Iraunkorrak gogorarazi du erreparaziorako urratsak eman behar direla; hala nola Espainiako Gobernuak gerra zikina aitortzea eta berdin babestea ETAren zein Espainiako Estatuaren biktimak.
Foro Sozial Iraunkorrak eskaera zehatzak egiteko baliatu du Joxean Lasa eta Joxi Zabala gazte tolosarren bahiketaren urteurrena, eta “bizikidetza demokratikoaren eraikuntzan aurrera egiten jarraitzeko” galdegin du kasuaren 40. urteurrena agenda instituzionalean txertatzeko. Bi arrazoi azpimarratu dituzte: “Biktimen kategorizazioa gainditzen laguntzeko, eta biktima horien eta haien senideen erreparaziorako”.
1983ko urriaren 16an GALek Lasa eta Zabala bahitu zituen Baionan. Guardia Zibilaren Donostiako La Cumbre jauregiko instalazioetan bortizki torturatu eta Alacantera eraman zituzten. Bertako landan hil zituzten eta gorpuak kare bizitan ehortzi. Haien gorpuzkiak 1995ean identifikatu zituzten, eta Euskal Herriratu zituztenean, Hondarribiko aireportuan eta ehorzketan Ertzaintzak senideei eraso egin zien. Foro Sozialak gogorarazi du behartutako desagerpenen hamalau euskal kasu dokumentatu direla, eta horietatik zazpi argitu gabe daudela oraindik.
Lasa eta Zabalaren kasuan “giza eskubideen urraketa guztiak” biltzen direla salatu dute: “Bahiketa, tortura, hilketa, behartutako desagerpena, ehunka kilometrora kare bizian ezkutatzea, biktima gisa ez aitortzea eta familiak diskriminatzea, eta, gainera, poliziek familien dolua ez errespetatzea beren gorpuzkiak jasotzean”. Eta urraketak “bereziki larritzat” jo dituzte egileak “funtzionario publikoak” direlako.
Horregatik guztiagatik, Foro Sozialak azpimarratu du “funtsezko bi urrats” emateko beharra 40. urteurrenaren harira: Espainiako Gobernuak eta presidenteak aitortzea eragindako kaltea, hala nola gerra zikina eta torturak; eta Eusko Jaurlaritzak auzia agenda instituzionalean sartzea eta “zabalkunde pedagogikoa” ematea.
Erakundeak baloratu du azken hilabeteetan “aurrerapausoak” eman izana. “Hala ere, asko dago egiteko oraindik ere Estatuaren biktimek pairatzen duten tratamendu asimetrikoa gainditzeko”, ohartarazi dute.