argia.eus
INPRIMATU
Foro Sozialak bere bidea amaitutzat eman du, gatazkaren konponbidearen alde hamar urte egin ostean
  • 2013an zehaztutako helburu gehienak lortuta, egungo erronkei tresna berriekin erantzuteko ordua dela uste du Foro Sozialak. Oraindik bidea egiten jarraitu beharra gogorarazi du presoen salbuespen neurriak amaitzeko, Estatuaren biktimak aitortzeko edota memoria eraikitzen jarraitzeko. Larunbatean agerraldia egingo dute, Durangon.

Lide Iraola 2023ko urtarrilaren 18a
Hamar urteko lana egin du Foro Sozialak gatazkaren konponbidean aurrerapausoak ematen laguntzen. /Argazkia: Foro Soziala

Foro Sozialak amaitutzat jo du bere jarduna, hamar urteko lanaren ostean. Eitb-k eman du erabakiaren berri, eta Foroak larunbatean egingo du ofizial Durangon. Euskal gatazkaren konponbidera bidean lan egiteko asmoz sortu zen 2013an. Hasiera horretan jarritako helburu gehienak lortutzat jo dituzte, oraindik bidea egiten jarraitu behar dela onartu arren; baina horretarako "tresna berrien" alde egin nahi dute.

Ekainetik barneko eztabaida prozesuan lanean ari dira Foro Soziala osatzen duten hamazazpi entitateak eta hainbat herritar. Larunbatean emango dute ondorioen berri, eta aurrerantzean, epe motzean, behin betiko amaiera emateko egingo dituzten ekimenak ere azalduko dituzte.

2013 eta 2014an egin zituzten lehen Foro Sozialak, eta bertan gatazka "askatzeko" hamabi aholku zehaztu zituzten. Horietatik hamaika lortu dituztela edo lortzeko bidean daudela ondorioztatu dute. Aurrerapausook lau esparrutan banatu dituzte: lehena, 2017an ETAk armak uztea eta 2018an erakundea desegitea; bestetik, biktima guztiek "egia, erreparazioa eta justizia" izateko adostasuna lortzen ari dela uste dute; presoei dagokionez, sakabanaketa amaitzear dela nabarmendu du, eta gainerako salbuespen neurriak ezeztatzeko "konponbide markoa" zehaztuta dagoela; eta azkenik, memoria "inklusibo, kritiko eta ez autojustifikazioko" baten alde egindako aurrerapausoak aipatu dituzte.

Hamar urtez konponbiderako lanean

2016ra arte hiru Foro Sozial egin zituzten, lehen biak hamabi lan ildoak zehazteko, besteak beste, eta hirugarrena armagabetzean ardaztuta. 2016 urrian, Foro Sozial Iraunkorra aurkeztu zuten Aieteko Bakearen aldeko Konferentziaren bosgarren urteurrenean. Bertan parte hartu duten herritarrez gain, hamazazpi eragilek osatu dute Foroa: ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindtikatuak; Ahotsak, Bake Bidea, Baketik, Bakea eta Duintasuna; Sare, Etxerat, Egiari Zor Fundazioa; Gernika Batzordea; Bilgune Feminista, Herri Eliza, Antxeta Irratia eta Hitz & Hitz.