argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako euskal presoak Iruñeko kartzelara ekartzeko plan bat eskatu du Foro Sozial Iraunkorrak
  • Erakundearen bozeramaile den Expe Iriartek Nafarroako Gobernuari plan bat osatzeko eskatu dio, gaur egun Euskal Herritik kanpoko espetxeetan dauden preso nafar guztiak Iruñeko kartzelara eraman ahal izateko.

Mikel Eizagirre 2020ko irailaren 02a
Preso nafarren sakabanaketa amai dadila eskatzeko kontzentrazioa Iruñeko Gazteluko Plazan.

Expe Iriarte Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak asteazken honetan Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldian azaldu duenez, salbuezpenezko espetxe-legedia bertan behera geratu behar litzateke, ez baitu “inolako oztoporik” ikusten Euskal Herritik kanpo espetxeratuta dauden 34 preso politiko nafarrak Iruñeko kartzelara eramateko.

Iruñeko espetxearen edukiera 504 ziegakoa da, mila lagun inguru giltzapetzeko modukoa. Datu ofizialen arabera, otsailaren amaieran 286 pertsona zeuden bertan. "Beraz, badago nahikoa leku plan honi aurre egiteko eta jatorria, ohiko bizilekua edo familia Nafarroan duten 184 pertsonak Iruñeko espetxean birkokatzeko", gaineratu du, preso sozialak ere kontuan hartuta. Bere ustetan, neurriak “bizikidetza demokratikoa” eraikitzen lagunduko luke, eta horretarako plan bat martxan jartzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari.

Parlamentuko taldeen erreakzioa

Geroa Baiko Jabi Arakama, EH Bilduko Bakartxo Ruiz, Podemos-Ahal Duguko Ainhoa Aznarez eta I-Eko Marisa de Simón abegikor azaldu dira proposamenarekin. Navarra Sumako Iñaki Iriartek, kontrara, "adiskidetzearen beharra" azpimarratu du, baina horretarako aurrebaldintza gisa kaleetan oposizio ideologikoa erabat desagerraraztea eskatu du: "Terrorismoaren gaitzespena behar da, hiltzaileen loriatzearen amaiera. Zigorgabetasuna 40 edo 50 urtez hiltzaileentzako amnistia eskatzea da".

PSNko Inma Juriok positibotzat jo du Foro Sozialaren agerraldia, baina ez du uste dispertsio politikaren ondorioz eskubideak urratzen direnik. Hala ere, espetxe politika berri baten alde agertu da. "Egoera ezberdinetarako, irtenbide ezberdinak", gaineratu du.