argia.eus
INPRIMATU
Formazioa, aitortza, zaintza... enpresa baten partaide sentitzeko manerak
  • Beterri Saretuz programaren barruan, bigarren jardunaldia egin zuten hainbat enpresa eta erakundeetako ordezkarik Hernaniko Iturolan. Parte-hartzean oinarritutako enpresen ekosistema sortzeko gakoetan sakondu zuten.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko otsailaren 20a
Hernaniko Iturola elkarlan sorgunean egin zen 'Beterri Saretuz' programaren bigarren jardunaldia (arg: Bira Produkzioak)

Ez zen ariketa erraza izan. Oso gai labainkor eta lausoa da parte-hartzearena, are gehiago enpresa munduari egokitzen bazaio. Baina Hernaniko Iturolan otsailaren 13an elkartu ziren lagunek lortu zuten euren ekarpenak zehaztasunaren terrenora eramatea eta nork bere arloan ikusten zituen beharrak edo indar guneak azpimarratzea.

Beterri Saretuz programaren bigarren jardunaldian, gako batzuen bueltan aritu ziren hausnarrean Beterri-Buruntza eskualdeko enpresa eta erakundeetako ordezkariak. Asko jakin minez gerturatu ziren Hernanira, euren etxean parte-hartzearen inguruan dituzten zalantza eta kezkei argi gehiago eman nahian, baina antolatzaileek lanean jarri zituzten eurak ere, eta emaitza aberasgarriagoa izan zen inondik ere.

Enpresa, administrazio, ekintzailetza eta hezkuntza munduko eragileak beste behin bildu dira (arg: Bira Produkzioak)
Parte-hartzearen inguruan enpresetan dauden kezka eta zalantzak agerikoak dira (arg.: Bira Produkzioak)

Formazioa, finantzak, balio eraldatzaileak, pertsonak erdigunean jartzea, ahalduntzea… Gai horiek guztiak xehatu zituzten, zehar lerro batzuen baitan langileen parte-hartzea nola bultzatu aztertzeko, hala nola enpresen jabetzan, kudeaketan, mozkinetan eta baita lurraldean bertan ere.

Seguruenik azken zehar lerro horrek ematen dio berezitasuna Beterri Saretuz programari, eskualdeko enpresa eraldatzaileen sare batetik sorturikoa izaki, inguru bizigarriago batean eragiteko nahiak ere balio baitu motibatzeko eta parte-hartzeko, honen arabera.

Tailer formatua izan zuen jardunaldiak eta hainbat saio egin zituzten taldeka, bai gakoen arabera bai sektoreak bananduz. Gako bakoitzaren definizioa, garrantzia eta eragiteko neurri zehatzak aztertu zituzten bertaraturikoek lehenik, eta kasu askotan balio izan zuen jabetzeko uste baina kontu funtsezkoagoek sortarazten dutela proiektu batean parte hartzeko grina, sarritan eguneroko lanak eta abiadurak estaltzen badituzte ere.

Jardunaldiak tailer formatua izan zuen eta hainbat lan-taldetan banatu ziren bertaratuak (arg: Bira Produkzioak)
Beterri-Buruntza eskualdean parte-hartzean oinarritu nahi duten enpresentzako "gida" bat sortzea da azken helburua (arg: Bira Produkzioak)

Esaterako, ondo egindako lana “ospatzea” eta “aitortzea” zein garrantzitsua den ondorioztatu zuten –kulturalki horretara ohituta ez gauden arren– egiten dugun horri zentzua emateko, arrakalak gainditzeko, etenaldia egin eta ibiliaren kontzientzia hartzeko…

Horrez gain, sektore bakoitzak, izan enpresa, ekintzaile, hezkuntza zentro zein administrazio, zertan lagundu dezakeen eta besteei zer eskatu beharko liekeen ere definitzen aritu ziren.

Orain arte jasotako ekarpenekin “gida” bat sortzea da asmoa, parte-hartzean oinarrituriko enpresen etorkizuneko ekosistemarako lan-tresna moduko bat litzateke. Hain zuzen, Iturolako saioa probestu zuten “gida” horrek izan ditzakeen formatuen inguruan hurbilketa bat egiteko.

Bira Produkzioak-ek jardunaldiaz ekoitzitako bideo laburpena: