"Biharko mundua, gaurko hautua" lemapean egingo dute Lurrama aurten, azaroaren 12tik 15era, Miarritzetik atera eta Ipar Euskal Herriko xoko ezberdinetan ekimen ezberdinak eskainiz.
Formatu askoz ttipiagoan, aitzineko urteetako hainbat eskaintza ezeztaturik, baina gogotsu eta sekulan baino gehiago hausnarketa bideratzeko helburuz. Horrela aurkeztu dute Lurramaren aurtengo edizioa, hamabosgarrena. Azaroaren 12tik 15era hitzordu ezberdinak dituzte finkaturik Ipar Euskal Herriko hainbat gunetan –Miarritzetik atera dira aurten, osasun egoerari aurre egiteko neurriek horretara beharturik–. Koronabirusaren testuinguru honetako lema aproposa hautatu dute laborantza herrikoiaren alde dabiltzanek: "Biharko mundua, gaurko erabakia".
"COVID-19 pandemia eta munduak ezagutzen duen blokatzea, gure bizitzeko maneren eta bizidunekin dugun harremanen ondorioak direla diogu Lurrama egiten dugunok. Ados gara ere errateko herrialde aberatsek aukeratu duten modelo ekonomiko kapitalistak hondamendira eramaten gaituela". Argiki mintzo dira Lurramaren ordezkariak eta aterabideak ere argi dituzte: "Sistema hau hatsantua da, laguntza publikoei esker dirauen laborantza modelo intentsibo eta industriala bezala. Gaurko osasun egoera ulertzen dugu alerta bat bezala, krisi larriagoak heldu direla dion abisu bat dugu. Gaurko modeloak ezin du jarraitu, gaurko modeloak ez du jarraitu behar. Gero eta gehiago iraun, gero eta latzagoak izanen dira ondorioak". Sistemaren aldaketarako deia beraz.
Kontzerturik, afaririk, merkaturik zein dantzaldirik ez da izanen aurten Miarritzeko Irati gelan. Hitzaldiak zein gogoetarako momentuak atxiki nahi izan dituzte behintzat. Eta oraingoz eta osasun egoerak segurtatzen dueno, horra hor finkatu duten egitaraua –aurreko egunetan emandako ordutegia aldatu behar izan dituzte–:
- Damien Gameau egilearen 2040 dokumentalaren proiekzioa Donibane Garaziko Vauban gelan, azaroaren 12ko 18:00tan. "Hezkuntza, energia eta elikadurarentzat diren aterabideak aplikatzen bagenitu, zein izan liteke gure umeen geroa 2040an? Munduan zehar ibiliz, eta aurkiberri konkretuak eta aditu batzuen lekukotasunak baliatuz, planeta salbatzeko asmoz gerora bidaiarazten gaitu. Bidai iniziatiko eta ludiko hau belaunaldi berrientzako deialdia da, haien zortea eskuetan har dezaten", Lurramaren aurkezpenari segi. Ondotik hitzaldia izanen da, EHLGko Panpi Olaizolarekin eta Bizi-ko kide batekin.
- Azaroaren 14an hitzaldi ezberdinak izanen dira Miarritzeko Casinoan, goizetik haste. Dominique Bourg aurtengo Lurramako gazaitaren hitzaldiarekin hasiko dute gogoeta eguna, bideokonferentziaz. Filosofo frantses-suitzarra da eta COVID-19 krisiaren testuinguruan, ingurumena eta osasunaren arteko lotura plazaratu duen lehenetarikoa ere da. "Mikroben eragina laborantzan, elikaduran eta gure osagarrian" hitzaldia eskainiko du ere Marc-Andrée Selosse irakasleak 11:00tan. Arratsaldeko 14:30etan biharko elikadura segurtasunaz ariko dira solasean Aurelie Trouvé ATTAC taldeko bozeramailea eta Nicolas Girod laborari militantea. 17:30tan 2040 dokumentala ikusgai izanen da Miarritzeko Le Royal zinema aretoan.
- Azaroaren 15ean Itsasun batuko dira 10:30tan "Hazitik azitara: Nolako Ipar Euskal Herria 2050ean?" galderaren inguruan. EHLGko Maryse Cachenaut laboraria eta Patxi Iriart langilea izanen dira hizlari.
Antolatzaileek gaur egun bizi dugun krisia baliatu nahi dute aldaketarako: "Balia dezagun gure mundua berriz pentsatzeko, gaurko hautuek biharko mundua marraz dezaten".