argia.eus
INPRIMATU
Formatua aldatuta dator 55. Durangoko Azoka eta ez da erakusmahairik egongo
  • Testuingurua mesedegarri izan ez arren, Durangoko Azokaren 55. edizioa egitearen alde agertu dira antolatzaileak. Gerediaga elkarteak ostegunean eman ditu aurtengo azokaren lehen xehetasunak: ez da erakusmahairik egongo, eta zuzeneko zein aurkezpenetarako aldez aurretik eman beharko da izena.

ARGIA @argia 2020ko urriaren 08a
Argazkia: Gerediaga Elkartea

Ostegunean Durangoko Plateruena kafe antzokian egindako prentsaurrekoan, Durangoko Azokaren aurtengo edizioaren xehetasunak eman ditu ezagutzera Gerediaga elkarteak. Ezohiko testuingurua alde batera, Durangoko Azokaren 55. edizioarekin aurrera egitearen alde agertu dira, eta hartarako koronabirusak eragindako egoerara egokitu dute azoka. “Agian errazena izango zen aurtengo azoka bertan behera uztea, baina uste dugu kulturak inoiz baino gehiago behar duela azoka”, adierazi du elkarteak. TaudaDA! izango da aurtengo azokaren leloa.

Azaldu dutenez, argitaletxeen eta diskoetxeen erakusmahairik ez da egongo aurtengo azokan, eta salmenta puntu fisikoa saltoki digitalarekin ordezkatuko dute. Denda digitala abenduaren 5etik 8ra egongo da martxan.

Zuzenekoeo eta liburu aurkezpenei dagokionez, izango dute tokirik. Hori bai, bertaratzeko asmoa duenak aurrez eman beharko du izena. Zuzenekoak Plateruenan eta Landako gunean egingo dira, eta streaming bidez ere egongo da horiek jarraitzeko aukera.

Aurtengo azokaren kartela aurkezteko ere probestu dute agerraldia. Ane Pikaza ilustratzaile eta aktorea da berorren sortzaile.