argia.eus
INPRIMATU
Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak
  • Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko apirilaren 18a
Argazkia: Nafarroako Gobernua

Eraiki nahi dituen lau goi-tentsioko linea horiekin, Aragoin sortzen den energia berriztagarria EAEraino eraman nahi du Forestaliak. Mistral-Esfinge deitzen da eraikuntza proiektua eta linea horietako bakoitza 400 kilovoltekoa da. Nafarroako eta Errioxako erkidegoko lurrak zeharkatuko lituzkete lau lineek, baina bi erkidegoetako gobernuak proiektuaren aurka agertu dira.

Nafarroako Gobernuak prentsa oharrean jakinarazi duenez, foru gobernuko Ingurumen Zuzendaritza nagusiak iragan otsailean txostena argitaratu zuen, eta bertan Trantsizio Ekologikoko Ministerioak emandako baimenen aurkako jarrera azaltzen zuen. Txostenean azaltzen zen linea horiek ez zirela bateragarriak pasatu behar diren tokien balio ugarirekin, hala nola paisaia, ingurumena, kultura edota balio sozialak.

Desadostasunak forman eta mamian

Ingurumen Zuzendaritzaren aburuz, Espainiako Gobernuak proiektuarekiko prozedura modu zatikatuan eraman du aurrera, eta horrek eragozten du ingurumen kalteak bere osotasunean ikustea. Formazko desadostasunez gain, mamiari dagozkionetan hiru azpimarratzen dira: bat, lau lineak hainbat espezie kaltetuko lituzkete; bi, Natura 2000ko Sareak babestutako hainbat espazio ere bai; eta hiru, Natura 2000 Sarea eta konektibitatearen arteko koherentzia ekologiko eza.

Foru Gobernuak otsailean aurkeztu zituen desadostasun horiek Espainiako Politika Energetikorako eta Meatzetako Zuzendaritza Nagusiaren aurrean, baina hark ez du inolako erantzunik eman. Hortaz, foru gobernuak orain administrazioarekiko auzi-prozesua ireki du.