"Duela gutxi arte, hango putzuetatik tira egin zuten laborariek, baina jada ezin dute. Zenbait gunetan, 300 miligramo nitrato dituzte litroko, eta baimendutako maximoa 50 da". Berria-k uraren kudeaketaz osaturiko erreportajean irakurritako esaldia dugu, eta Nafarroa hegoaldeko Caparroso herriaz ari da. Bertan du Valle de odieta enpresak bere 8.000 abelburuko makroetxaldea –jabearen webgunean “biogranja, proyecto sostenible” gisa aurkezturikoa–. Urak kutsatzeaz gain, ur anitz kontsumitzen duen nekazaritza eredua. Uraren kontsumoaren %80 laborantzara doa. Kasu ondoko ñabardurari: laborantza industrialera doa. Laborantza herrikoia bere ingurugiroaren errespetuan dabilelako, dituen mugen eta aukeren arabera antolatuz berea.
Berria-ko erreportajea irakurtzen nenbilela, inguruko laborarien egoera datorkit gogora. Idortea eta logika espekulatiboa direla-eta, ekoizpen kostuen emendioari aurre egin nahian direnei. Zailtasun handietan ditugu etxalde ttipi andana. Loa kentzerainoko eta morala goibeltzerainoko zailtasunetan ditugu inguruko laborari andana. Alta, ez dira horiek uraska erraldoi, urtegi edota ureztapen handien erabiltzaileak; ezta uren eta lurren kutsatzaile nagusiak ere.
Hortik, BECen burutu berri den Food 4 Futur azokara joan zait gogoa. Laboraririk gabeko elikagai-industriaren erakusleihora. Meloi haziak erabilita eraikitako gasna beganora, 3D inprimagailuak sorturiko txuletara, adimen artifizialari esker sorturiko glutenik gabeko garira, zein onduriko fruituak detektatzeko eta biltzeko gaitasuna duen robotera. Agroindustriaren sustatzaile berberak ditugu orain eredu bioteknologikoaren promotoreak: laborantza agroindustria bihurturik, orain elikagai-industria bilakatu nahian dabiltza. Laboraririk, bizidunik eta lurrik gabeko jaki-ekoizpenean omen dugu etorkizuna. Euskal Herriko komunikabideek egindako jarraipenak harritu ninduen. Antolatzaileen hitzak bere horretan, inolako so kritikorik gabe, zabaldu izanak kezkatu ninduen. Goseteari eta biztanleriaren emendioari aurre egiteko aterabidea dugu Food 4 Futur. Bat: gezurra da. Bi: mineralak eta metalak ezinbesteko dituen teknologia zertan dugu aterabide, munduaren beste puntakoei guzia suntsitzen badie? Hiru: landa eremuen hustea eta hiltzea ekarriko luke eredu horrek. Food 4 Futur-en jarraipena egiterakoan, hankak lurrean beharko lituzke kazetariak, distopia soluzio gisa ez aurkezteko.