argia.eus
INPRIMATU
Foam balen ondorioz begia galdu zuen emakumeak kereila jarri dio mosso bati
  • Bartzelonan, otsailaren 16an. Pablo Hasél abeslariaren aldeko manifestazioetan begi bat galdu zuen emakume gazteak kereila jarri dio foamezko bala jaurti zion mossoari.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 16a
Argazkia: Ángel Garcia/ Directa

Pablo Hasél abeslaria kartzelan sartzeagatik Bartzelonan izandako mobilizazioetan, Mossoek jaurtitako foam bala batek begia hondatu zion emakume bati. Orain, berak tiro egin zion agentearen aurkako kereila jarri du. Epaileari eskatu dio bala jaurti zuen mossoa eta haren nagusia identifika ditzala, eta lesio-delitua egotzi die.

Emakumearen defentsak azpimarratu du lesioa gertatu zenean "manifestazio handienetik urrun" zegoela, gertaerak grabatu zituzten pertsona eta kazetari batzuekin batera. Gainera, nabarmendu du "polizientzat arriskutsuak izan zitezkeen jaurtiketak gertatzen ari ziren eremutik urrun" zegoela.

ElDiario.es komunikabideak jaso duenez, biktimaren kereilan, polizia autonomikoari leporatzen dio "arauz kontra eta zentzurik oinarrizkoenaren aurka" jokatzea. Kataluniako Gobernuak dagoeneko onartu du tiroa Poliziak egin izana, nahiz eta oraindik ez duen iragarri ea agentea dagoeneko identifikatu duten eta haren aurka diziplina-ekintzak abiatu ote diren.

Pablo Hasélen askatasuna eskatzeko Bartzelonan egindako protesten lehen gauean gertatu zen guztia, otsailaren 16an. Mossoek foamezko balak erabili zituzten manifestarien aurka. Barne Gaietarako Kontseilari Miquel Sàmperrek behin baino gehiagotan eman du hitza Mossoen protokoloa argitaratuko dutela, foam balak jaurtitzeko irizpideak. Oraindik ez da horrelakorik gertatu, nahiz eta Kataluniako Parlamentuak 2019an hala eskatu zuen.