argia.eus
INPRIMATU
Foam balak erabili ditu Ertzaintzak Tubacexeko grebalarien aurka
  • Amurrioko Tubacexen lantegiaren aurrean elkartu dira ostegun honetan langileak; enpresako sarrera itxi dute hainbat orduz suzko barrikadekin. Ertzaintza foam balekin oldartu da haien kontra, Aiaraldea.eus-ek jakinarazi duenez, eta hainbat pertsona zauritu dituzte poliziek eraso horren ondorioz.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 25
Poliziaren borrakadak langileen bizkarretan.

43 egunez greban ari diren Tubacex enpresako langileak Laudioko lantegiko ataritik Amurriokora joan dira ostegun honetan eta horko sarrera ere ixtea lortu dute hainbat orduz, horretarako suzko barrikadak eraikiz. Saratxoko errepidea ere ordubetez gutxienez moztuta egon da, eta kamioiak ezin igaro geratu dira.

Suhiltzaileak agertu direnean, langileek txalo zaparrada batez hartu dituzte. Aldiz, Ertzaintzarekin tentsio une nabarmenak izan dira. Ondoren, greban ari ez diren langileen eta zuzendaritzaren autobusa enpresan sartu eta gero kargatu egin du poliziak eta hainbat langile zauritu ditu.

Airaldea.eus hedabideak jakinarazi duenez, foam balak ere erabili ditu poliziak grebalarien kontra.

Tubacexeko zuzendaritzak 95 lagun kaleratzeko prozesua abian jarri du, beste 22k diru ordainekin utziko dute enpresa euren kabuz eta 13 aurre-erretiro ere egongo dira. denera 600 lagunek egiten dute lan talde osoan, baina Arabako plantak izango dira kaleratzeekin kaltetuenak.

Hodiak egiten dituen Tubacex-ek, salmenten gutxitzeari egotzi dio taldea %20 murrizteko beharra. Sindikatuak baina, kaleratze horien kontra agertu dira argi eta garbi, eta langileek tinko eutsi die mobilizazioei.