argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Erregio hauteskundeak
FN garaile: Marine Le Pen Eliseorako bidean
  • Marine Le Penen FN garaile izan da hamahiru erregioetatik seitan. Nikolas Sarkozyren LR (UDI eta MoDem alderdi zentristak lagun) lautan. François Hollande presidentearen PS hirutan. Erregioak gobernatzeko aukera inoiz baino errealagoa da FNrentzat. Datorren igandeko bozak, bigarren itzulian, erabakigarriak eta definitiboak izanen dira.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2015eko abenduaren 07a
FNko Marine Le Pen burua

Eskuineko, zentroko eta ezkerreko moderatuek nolabaiteko aliantzak gauzatu dituzte historikoki FN gobernuetara iristeko bidean oztopatzeko. Oraingoan, zailagoa dute ordea, Jihadismoaren mehatxua eta immigrazioaren arazoa medio. Frantzia krisi bete-betean dago. Sarkozyren eskutiko eskuinak ez dio Eliseoko Hollande maizterrari txeke zuria eman nahi.

FNk sei erregio hauetan goberna lezake: Provence-Alpes-Côte d'Azur (1), Languedoc-Roussillon (2), Alsace-Lorraine-Champagne-Ardenne (3), Centre-Val de Loire (4), Nord-Pas-de-Calais-Picardie (5) et Bourgogne-Franche-Comté (6) .

Historikoki Frantzia gobernatu dutenak, egoeraren larria ikusita, aztoratuta daude. PSko Jean-Christophe Cambadélis idazkari nagusiak iragarri du PS ez dela Provence-Alpes-Côte d'Azur eta Nord-Pas-de-Calais-Picardie erregioetan bigarren itzulian aurkeztuko FN garaile atera ez dadin. Marine Le Pen eta Marion Maréchal-Le Pen dira eskualde hauetako buruak.

LR alderdiaren aliatuak UDIko Jean-Christophe Lagarde eta MoDemeko François Bayrouk Nicolas Sarkozyri deia egin diote, PS garaile izan den erregioetan (Bretainia eta l'Aquitaine Limousin Poitou-Charentes) jarrera bera hartzeko. Sarkozy ez dago aztoratu ez larrituta, haatik. PSrekin akordio posible guztiak baztertu ditu. Eliseora itzuli nahi du, arrisku guztiak hartzeko prest dago. Astea luze eginen zaie FNren aurkako aliantzak bilatu nahian ari direnei.

Alain Rousset izan liteke kontseilari nagusia Akitania berrituan

PSko Alain Roussetek %30,09 lortu du. LRko Virginie Calmelsek %26,83. FNko Jacques Colombierrek %23,92. Rousset ekologistek eta komunistek lortu duten bozen %10a bereganatzen saiatuko da bigarren itzulian. Eskuindarren garaipena galarazteko, bi eremuetan saiatu beharko da: batetik, bere ezker aldera dauden alderdiekin negoziatzen; bestetik, lehen itzulian abstenitu direnen boza ere jasotzen.

Izan ere, Sarkozyren eta Le Penen emaitzak, batez beste, PSko baino sendoagoak izan dira erregioetan zein Frantzia osoan. Konparazione, Ipar Euskal Herrian LR, UDI eta MoDem hautagaitza Donibane Lohizunen (%35,34), Uztaritzeko kantonamenduan (%33,35) edota Amikuze, Bidaxune eta Oztibarren (%35,24) garaile izan da. Hendaian eta Bokalen PS jalgi da garaile, baina FNk Hendaian bozen %38,27 eta Bokalen % 30,97 erdietsi ditu.

Abstentzioa: boz emaileen erdia (%50)

Abstentzioa Erregio hauteskundeetan izan ohi den neurrikoa izan da. Boza eman dutenen %28 FNrentzat izan da. Eskuin-zentroarentzat %27 eta %23,5 PSrentzat. FNk ez du ohi baino boz gehiago eskuratu (6 milioi inguru). Ordea, zentro-eskuinak bai, usaian baino boz kopuru gutxiago eskuratu du, baita ezkerrak ere. Abstenitu diren askok Hollande eta Sarkozy buru dituzten alderdiak zigortu dituzte. FNk ez du boz gehiago lortuko bigarren itzulian. Lehen itzulian boza –normalki bozkatzen dutenek– eman ez dutenek (gehi PS ez den ezker aldeko hautagaitzei boza eman dietenek) erabakiko dute sei eskualdeetan FN garaile aterako den edo ez.

Adibidez, Ipar Euskal Herrian abertzale bozkatzen duten 20.000 bozemaile inguru etxean geratu dira. Erregio hauteskundeak oso urrun izaten dira herritarrengandik. Oraingo boz hauetan inoiz baino nabarmenago azaleratu da Frantziako demokraziaren krisia. Demokrazia bipartidista kolokan dago. Alabaina, Frantzian, eskuin-zentroaren eta ezker moderatuaren lehia historikoa, boterean dagoen ezkerraren ezker aldera joan ordez, eskuin muturreko FN aldera lerratu liteke. Marine Le Pen gero eta hautagai sendoagoa da 2017ko presidentzialetan garailea jalgitzeko.