Ipar Euskal Herriko politikaren analista Eneko Bidegainek Euskal Hirigune Elkargoaren “Hizkuntza eta kultura politika” zalantzan jarri du artikuluan. Mondragon Unibertsitateko irakasleak zorrotz kritikatu du instituzio berriaren arlo horretako betebeharra.
Euskal Hirigune Elkargoak “Hizkuntza eta kultura politikak” eskumena hartu du. Eta horrela azaltzen du eskumen hori, bere webgunean: “Euskara, gaskoiera eta Euskal Herriko kulturak ditugu geure lurraldearen nortasunaren oinarria”.
Baionako suprefeta eta Frantziako Gobernua, beharbada, ez dira ohartu zer dioen esaldi horrek, ohartu balira, ez luketelako onartuko. “Geure lurraldearen nortasunaren oinarri” horretan ez da ageri frantsesa. Hots, esaldi horrek dio frantsesa ez dela Euskal Herriko nortasunaren oinarria. Esaldi horrek egia dio, frantsesa azken hamarkadetan indarrez sartu den hizkuntza delako, eta horrek eraldatu dituelako Ipar Euskal Herriko kultura eta orain indarrean dagoen nortasuna. Baina hori ere ez du erraten Euskal Elkargoak, ez du aipatzen euskara eta euskal kultura zapalduak, gutxietsiak eta ahulduak direla. Euskara ez da arrisku larritik atera eta garatu behar den hizkuntza bat, baizik eta kontuan hartu behar den “berezitasun” bat.
Euskal Elkargoak ez du botererik euskarak behar lukeen zinezko politika bat indarrean jarri ahal izateko. Legeak ez dio baimenik ematen. Beraz, ‘borondatea’ aipatu dute, zerbitzuak euskaraz eta gaskoiez eskaintzeari dagokionez
Adierazgarria da, halaber, euskara eta gaskoia maila berean agertzea aitortza horretan. Gaskoia, Angelun, Baionan eta Bidaxunen errotuta egon den hizkuntza (okzitanieraren dialektoa) da, gaur egun galbidean dagoena. Ez da Ipar Euskal Herriko berezko hizkuntza. Gaskoiaren aldeko neurriak hartzea badagokio Euskal Elkargoari, dudarik gabe. Baina bi hizkuntzak maila berean jartzeak badu anitz euskararen garrantzia eta lurraldearen euskal izaera ukatzeko borondatetik. Ez da kasualitatea horren eskaera euskararen aurkari sutsu Guy Mondorge Angeluko hautetsiak egin izana, honek eta honen ingurukoek beti erabili baitute gaskoiaren argudioa euskararen kontra –eta ez gaskoiaren alde egiteko–.
Euskal Elkargoak ez du botererik euskarak behar lukeen zinezko politika bat indarrean jarri ahal izateko. Legeak ez dio baimenik ematen. Beraz, “borondatea” aipatu dute, zerbitzuak euskaraz eta gaskoiez eskaintzeari dagokionez. Borondate horren lehen emaitzak ikus daitezke elkargoaren webgunean eta etxe guztietara igortzen duten aldizkarian: webguneko eduki anitz ez daude euskaraz, eta aldizkarian euskararen lekua guztiz sinbolikoa da. Bileretako aktak ez dira euskaratuko “denbora gehiegi” hartzen duelako, Jean-Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariaren hitzetan. Bat-bateko itzulpenak ere aurkariak dauzka, batzuek diotelako “Frantzian” daudela, eta hori ezin dela egin. Gisa berean, legeak galarazten die lanpostuen deialdietan euskara baldintza gisa jartzea. Euskal Elkargoak murgiltze eredua “esperimentazio” gisa erabiltzearen alde egin du, eta Frantziako Gobernutik etorri berri da horren kontrako erabakia.
Frantziako Konstituzioaren itzal beltza dago beti gainean. Euskara onartzeko prozesuan ere, mila itzuli egin behar izan dituzte, formulazio egokia aurkitzeko: “Euskal Hirigune Elkargoak euskara eta gaskoia (okzitaniera) bere lurraldearen hizkuntza bezala ezagutzen ditu ofizialki frantsesaren ondoan”. Horrek ez dio izaera ofizialik ematen euskarari, eta, beraz, ez die eskubiderik bermatzen euskarari eta euskaldunei. Krokodiloz betetako aintzira baten erdian preso dagoen taldeak urteak pasa ditu zubi bat edo itsasontzi sendo bat eskatzen, handik ateratzeko. Azkenean flotagailuak eman dizkiete. Ea nola salbatzen diren krokodilo horien artetik…
Krokodiloz betetako aintzira baten erdian preso dagoen taldeak urteak pasa ditu zubi bat edo itsasontzi sendo bat eskatzen, handik ateratzeko. Azkenean flotagailuak eman dizkiete. Ea nola salbatzen diren krokodilo horien artetik
Euskal Elkargotik mirari gutxi etor liteke, aginterik ez daukalako. Sinbolikoki, Ipar Euskal Herriaren lurralde ezagupen bat da; egia da. Ezagupen hori bazegoen lehen ere, Garapen Kontseiluarekin, Hautetsien Kontseiluarekin, Auzapezen Biltzarrarekin edo Ipar Euskal Herriko Udalen arteko sindikatuarekin. Euskal Elkargoak kudeaketa indar gehiago dauka, baina biziki urrun gelditzen da Hego Euskal Herriko erakundeen eskumen, egituraketa eta aurrekontu mailetatik. Ez da autonomia bat, ez da eskualde administratibo bat, ez da departamendu bat… Mankomunitate handi bat besterik ez da, herri elkargo erraldoi bat, lehen zeudenen fusioetatik sortutakoa. Herri elkargoen eskumenak dauzka. Halaber, 90eko hamarkadan eskatzen ziren eskumenen zerrendak liburuxka bat betetzen zuen; Euskal Elkargoak dauzkanak orri batean sartzen dira. Gainera, mugaz beteta dagoen hizkuntzarena salbu, eskumen horiek ez dira euskal nortasunaren egituratzaileak.
Hizkuntzaren aldeko jarrera, EAEko eta Nafarroa Garaiko erakundeekiko harremana eta Ipar Euskal Herriko mapari onarpen legal bat ematea aitortu dakioke Euskal Elkargoari. Zer edo zer etor liteke hortik? Porroska batzuk bai. Hil ala biziko egoeran dagoen hizkuntza eta herri nortasun bat salbatzeko adina? Ez.
Orain, galdera da ea oraingo Euskal Elkargoak bilakaerarik izanen duen, nolakoa eta zenbat urte behar izanen dituen horretarako. Ikusirik politikan eta administrazioan aldaketak zein erritmotan egiten diren eta zein den Ipar Euskal Herriko herri kontzientziaren eta euskararen egoera, ea herri hau ez den porroska horiekin itsuturik, goseak hiltzen.
(Erreportaje hau Aktualitatearen gakoak aldizkarian argitaratu da. Aldizkari osoa nahi baduzu Argiako azokan eros dezakezu.)