Gizon italiar batek auzokide senegaldar bat hil zuen astelehenean Florentzian, eta Toscanako hiriburuko senegaldarrak arrazismoaren aurka altxatu dira, Info Aut-ek jaso duenez.
"Italiar bat etxetik atera zen, eta bere buruaz beste egin aurretik, ikusi zuen lehenengo gizon beltza hil zuen". Horrela azaldu dute Info Aut Italiako hedabidean. Hildakoa Idy Diene zen, Florentzian bizi zen eta kalean saltzen lan egiten zuen senegaldarra. Modou Samb-en alargunarekin ezkonduta zegoen, zeina Diop Mor senegaldarrarekin batera CasaPound plataforma faxistako kide batek hil baitzuen.
Florentzian bizi diren senegaldarrek kaleak hartu dituzte hilketari erantzunez. Errepideak moztu dituzte, edukiontziak erauzi, eta beltzek pairatzen duten diskriminazioa salatu dute: "Faxismoa gobernuan nola sartzen den ikusten ari gara… eta lasaitu behar garela esaten digute?".