Rossano Ercolini Zero Waste Europe koordinakundeko lehendakariak esan bazuen Florentziakoan jokatzen zela Italiako erraustegi berrien etorkizuna, albiste handia heldu da hondakinen errausketaren aurka eta Zero Zabor (Rifiuti Zero) ereduaren alde saiatzen direnentzako: Italiako Estatu Kontseiluak (Espainian Auzitegi Konstituzionalak biltzen dituen funtzioak dauzkanak) behin betiko baztertu du Florentzia ondoko La Pianan erraustegia egiteko proiektua.
Ipurdiko galanta Italia osoan errausketa sustatu duen Matteo Renzi lehen ministro eta Florentziako alkate ohiarentzako. Garaipen bikaina Rifiuti Zero mugimenduarentzat eta bereziki Florentziako errausketaren kontra eten gabe mobilizatu diren Mamme No Inceneritore elkarteko emakumeentzako. Hamabost urte borrokatu ostean lekuko agintariek eraiki nahi zuten erraustegi proiektuaren kontra, Italiako Estatu Kontseiluak eman die arrazoi. Aurretik 2016an ingurumen aferak aztertzen dituen auzitegiak ebatzia zuen baimenak bertan behera uztea, baina Toskana eskualdeko agintariak tematuak ziren Italiako erraustegi berrien ikurtzat ezarria zutena aurrera ateratzen. Joan den astean Erromako epaileek azken ipurdikoa eman arte.
Hedabide italiarretan zalaparta eragin du albisteak...
... eta horrek sortutako poza adierazi dute hainbat eragilek. Tartean, Italia osoan igurumenaren eta osasunaren arteko loturak ikertu eta kutsadura salatzen duen Medicina Democratica mediku elkarteak:
Erraustegi horren kontrako borroketan azken urteotan protagonismo berezia eduki dute Mamme No Inceneritore elkarteko andreek.
Facebookeko beren orritik Mamme No Inceneritoreko emakumeek mezu itxaropentsua zabaldu dute: "Honekin guretzako berresten da borrokak merezi duela eta jendea gabe ez dela ezer erabaki behar. Eta orain, aurrera alternatibarekin!". Festa galanta burutu zuten maiatzaren 25ean hiriko Piazza della Signoria mitikoan:
Aldiz, erraustegia egin behar zuen QThermo konpainiak ere iragarri du bere asmoa: "Kalte-ordainak eskatuko ditugu". Ia dena (epaile txukunekin topo egitea ezik) egiten zaie ezaguna Gipuzkoako jendeei.