Florent Marcellesi ekintzaile eta ikerlari ekologista (Angers, Frantzia, 1979) elkarrizketatu dute eldiario.es egunkarian. Desazkundeaz eta gizartea antolatzeko modu berriez mintzatu da. Hona, euskaratuta, elkarrizketako hainbat pasarte.
"Desazkundea ez da utopia eta kapitalismoak inposaturiko kontsumo erritmo honetan jarraitzea aldiz, bada. Nahi duten bezala hazkundearen bidera itzultzea ez da bideragarria, hazkundeak kolapso ekologikora, klima, elikagai eta energia krisira garamatzalako (...) Baliabide naturalak amaitu ditugu. Ez daukagu energia nahikorik krisiaren aurreko balioetan kokatzeko. Garai horiek ez dira inoiz itzuliko".
"Murrizketak eta hazkundearen aldeko politikak utzi eta trantsizio sozial ekologikoari ekin behar diogu. Hiru adar landu behar dira. Lehenik, enplegu berde eta duinaren aldeko apustua egin behar dugu. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, enplegu berdearen aldeko benetako apustua eginez gero 2020rako milioi bat postu sor daitezke Espainian eta 100.000 Euskadin. Bigarrenik, aberastasunaren eta lanaren banaketa birmoldatzea ezinbestekoa da. Lortu ditugun errentekin onartezina da maila moral, politiko eta ekonomikoan pertsona bakar batek oinarrizko premiak ase gabe izatea. Horrekin amaitzeko herritarrentzako gutxieneko eta gehienezko soldatak adostea beharrezkoa da".
"Aberastasunaren banaketari dagokionez, ziurtatzen dizut gure proposamenak jarraituz gero jende asko hobeto biziko litzatekeela. Hobekuntzak herritarren %90ari eragingo lioke eta soilik biztanleriaren %1ak izango luke soldata txikiagoa, gehien irabazten dutenek alegia. (...) Beharrezkoa da enplegua birbanatzea, hazkunderik gabeko enplegua sortuz, hots, gauza kopuru bera ekoiztea baina gutxiago lan egiten duten jende gehiagoren artean. Hala, gainera, planeta babestuko genuke (...) Azkenik, demokrazia landu behar da. Guk geuk, herritarrok definitu behar ditugu zeintzuk diren oinarrizko premiak eta zeintzuk azalekoak".
"Behetik borrokatu behar da. Gure eskuetan uste duguna baino askoz botere handiagoa daukagu eta baliatu egin behar dugu. Sistema aldatu dezakegu. Hain justu, ahalduntze edo enpoderamentua ematen ari da dagoeneko. Kooperatibak ugaritzen ari dira arlo energetikoan, etxebizitzetan, produkzio eta kontsumoan, banku etikoak ere hor daude... Nagusi diren botereetatik aparte garatzen ari diren eta parte-hartzean oinarritzen diren benetako boterearen adibide dira. Berdintasuna, parte-hartzea, ekologia eta autonomia bultzatzen dute halako ekimenek, baina ez dira nahikoa, irlak direlako. Euren artean loturak eta sareak sortzeko ahalmena izan behar dugu, jauzi kualitatiboa eman. Ez dugu beldurrik izan behar eta erakundeen baitan aldaketa sustatuko duen sistema politiko eta soziala planteatu behar dugu".
Elkarrizketa osoa irakurri eldiario.es gunean.
Marcellesik ekologia politikoaz idatziriko hausnarketa kaleratu genuen Larrunen: Ideologia berdearen genesia, teoria eta praxia.