argia.eus
INPRIMATU
‘Florecica’, Josefina Lambertoren bizitza jasotzen duen dokumentala
  • Virginia Senosiainek eta Juan Luis Napalek sortutako dokumentalak Maravillasen ahizpa izateagatik ezaguna den Josefina Lambertoren bizitza du oinarri. Irailaren 17an estreinatuko dute.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko irailaren 17a

Florecica dokumentaleko protagonista, Josefina Lamberto, Maravillasen ahizpa eta Vicente Lambertoren alaba izateagatik da ezaguna. Bien historia izugarria da: Maravilllas 14 urterekin bortxatu eta hil zuten frankistek 1936an, eta txakurrei bota zizkieten haren gorpuzkiak. Bere aita egun berean fusilatu zuten. Josefinak 7 urte zituen orduan, eta gertaera garratz horiek grabatuta gelditu zitzaizkion. Baina bere bizitza ere ez da erraza izan.

21 urte zituela, moja egin zen eta Pakistango umezurztegi batera bidali zuten. Ondoren, beste leku batzuetatik igaro zen, eta, azkenik, 1996an, fedea galduta, Nafarroara itzuli zen. Mojek oso gogor tratatu zutela salatu izan du, besteak beste frankismoaren biktima izateagatik.

Iruñera iritsita, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko sortzaileetako bat izan zen. Azken urteotan, Paris 365 jantoki sozialean lan egin du boluntario gisa.

Sergunsurja Films ekoiztetxeko Virginia Senosiain eta Juan Luis Napalen dokumentalean Josefina Lambertok bere bizitza eta pairatutakoa kontatzen du. Irailaren 17an estreinatuko dute, eta ondoren proiekzioak egingo dituzte Euskal Herriko hainbat lekutan.