argia.eus
INPRIMATU
“Flipatu”, “komantxe” eta “intersexual”, Euskaltzaindiak araututako azken hitzen zerrendan
  • Euskaltzaindiaren Hiztegira erantsitako azken hitzen zerrenda egin du publiko Euskaltzaindiak. 397 forma berri jasotzen ditu.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 09a

2019ko uztailean egin diote azken eguneraketa Euskaltzaindiaren Hiztegiari. Hainbat sarrera eta azpìsarrera zuzendu eta osatu ez ezik, gehitu ere egin dituzte. 312 sarrera eta 85 azpisarrera berri barnebiltzen ditu azken moldaketak, 397 forma berri guztira, denak azken sei hilabeteotan jasoak. Irakurleak eskuragarri dauka zerrenda Euskaltzaindiaren webgunean.

Zerrendak ahoz ahokoan eta oraina arte modu informalean erabili izan diren hainbat hitz jasotzen ditu, bitxiak suertatu daitezkeen “friki”, “flipatu”, “telezabor”, “kubata” eta “guateke” tarteko. Asko dira beste hizkuntzetatik eratorriak diren eta ahozkoan maiz erabili arren hiztegiak orain arte onartu ez dituen terminoak ere, “diva”, “drone”, “curry”, “sushi”, “tortellini” edo “tuit” kasu. Ahozkoan aurrekoak bezainbeste erabili ez arren, zerrendan dira “house”, “body” eta “spyware” ingelesetik eratorritako hitzak ere.

Hizkuntza jendartearekin batera uneoro eraldaketan dagoen zerbait izanik, momentuko errealitatearen isla ere bada. Hori adieraztera dator, besteak beste, “intersexual”, “transgenero”, “papergabe”, “hipotekadun”, “erreproduktibo”, “ultraeskuin” edo “bioteknologiko” hitzen onarpena.