Joan den abuztuaren 21ean hil zen Fito Jiménez cintruenigoarra (Nafarroa) Arbaiungo arroilean egun pasa ari zela, bihotzekoak jota. 23 goizean ehortziko dute Iruñeko hilerrian. 71 urte zituen eta ezaguna zen, besteak beste, ingurumen gaietan aditu zelako, bereziki uraren alorrean, eta Nafarroako hainbat herri mugimendutan jardun zuelako.
Jiménez cintruenigoarra zen jaiotzez, baina Iruñean bizi zen aspaldi. Bartzelonan ikasketak egin ondoren –ingeniari kimikoa zen–, Erdialdeko Amerikara joan zen hamar urtez 80ko hamarkadaren amaieran, Espainiako Agentziak bidalita Nikaraguako sandinisten ingurumen gaietako aholkulari gisa. Sandinistek gobernua galdu zutenean, Guatemalara jo zuen. El Salvadorren eta Mexikoko Chiapasen ere aritu zen, azken honetan Rigoberta Menchu aktibista ezagunarekin elkarlanean.
Haren bikote Pili Yoldi kazetari nafarrarekin aritu zen Ameriketan eta handik Iruñera itzultzean, Nafarroako Ingurumen Arloko Baliabide Zentroa enpresa publikoan hasi zen lanean eta han jardun zuen 2016an erretiroa hartu arte. Nafarroako hainbat eskualdetan ibaien alde eta uraren inguruan lanean ari diren kolektiboek osatzen duten Urbizi sarean parte hartu zuen, taldeari ekarpen handia eginez. Uraren kudeaketari lotuta, azken hamarkadetan Nafarroan izan diren proiektu handien aurka borrokatu zuen, esate baterako, Itoizko eta Esako urtegiak edota Nafarroako Ubidea.
2017an Reyes Ilintxetak egindako elkarrizketan sakon hitz egin zuen kontu hauen inguruan ARGIAn, argi utziz ura urtegietan bilduz gero, haren kontrola galtzen dela: “Ura ez da alferrik galtzen ibaian uzteagatik. Ura Mediterraneoraino iritsiko ez balitz, adibidez, hango hondartza guztiak desagertuko lirateke eta arrainak berdin. Ura ez da gurea, ibaiarena baizik, ekosistemarena. Guk ibaiaren funtzionamendu egokia ziurtatu behar dugu. Hori da etorkizunerako berme bakarra”.
Funtsean, gobernuek bultzatu eta egin dituzten proiektu desarrollista handien aurkako ikuspegia azaldu zuen elkarrizketa horretan: “Edozein megaproiektu aurkeztean beti argudio berdinak erabiltzen dituzte, berdin AHT, autobideak, urtegiak edo aireportuak izan. Itoitzen 8.000 lanpostu sortu, bi edo hiru mila nekazari finkatu, Agoitz eta Artzibarrera turismoa erakarri, industria garatu eta gainera ur emari ekologikoa ziurtatuko zela esan zuten, beste gauza askoren artean. Neurriz kanpoko zenbakiak erakusten dituzte beti, eta gero errealitatea horren erdiaren erdia dela ikusten da”.
2016an Itoizko Urtegiaren eta Nafarroako Ubidearen bilakaera aztertzen zituen LARRUN argitaratu genuen –Nafarroan barrena hondoratzen ari den ubidearen arrastoan– eta, Iruñeko Txantrea auzoko etxean, Jiménezek pazientzia handiz azaldu zion ARGIAri uraren bihurguneetan ez galtzeko oinarrizko klabeak non ziren. Itoizko eta Esako urtegien handitzearen aurka eginiko lanagatik Coagret ingurumen saria eman zioten 2014an.