argia.eus
INPRIMATU
Fiteron hiru adingabe marokoar jipoitu dituztelakoan atxilotuak, karguekin aske
  • Usteko erasotzaileak 18 eta 55 urteko bi gizonezko dira. Erasoa pairatu zutenak, 13 eta 17 urte arteko hiru gaztetxo. Bartzelonako eta Cambrilsgo biktimen omenezko minutu bateko isilunearen ondotik gertatu zen erasoa.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko abuztuaren 24a
Fiteroko herritar ugari elkartu ziren plazan Bartzelonako atentatuak salatzeko.

Tuterako 2. Instrukzio auzitegiko epaileak atxilotuak aske utzi ditu karguekin, lesio delitua egin dutelakoan, baina ez, ordea, gorroto delitua.

Erasoturiko hiru adingabeek nazionalitate marokoarra dute. Buru-traumatismoa eta zauri irekiak eragin zizkieten, eta konortea galdu zuten, salaketa egiteko tenorean aurkeztu zuten lesio txostenak egiaztatzen duenez. Hiru gaztetxook azaldu zutenez, makil handi batekin jo zituzten, eta irain islamofoboak pairatu zituzten.

Gaztetxook Fiteroko Guardia Zibilaren kasernan aurkezturiko salaketan azaldu zutenez, abuztuaren 19an, Bartzelonako eta Cambrilsgo biktimen omenezko minutu bateko isilunearen ondotik, taberna batean sartzear zirela, gizon bat bultzaka eta irainka hasi zitzaien, eta ez zien tabernan sartzen utzi.

Etxerako bidean zirela, auto bat hurbildu zitzaien, eta barrutik gizon hori bera eta beste bat jaitsi ziren, makil handi batekin, eta kolpeka hasi zitzaizkien, baita irainka ere.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.