Donostiako Udaleko LABek Santa Klara uharteko lanen esleipenean ustez irregulartasunak aurkitu eta Eneko Goia alkatearen eta fiskaltzaren eskuetan utzi zituzten ekainean. Fiskaltzak diligentziak irekitzea erabaki du, ARGIAk jakin duenez.
Bi delitu identifikatu zituen sindikatu abertzaleak LABek eta Gipuzkoako fiskaltzaren eskuetan utzi. Udaleko langileen LABeko sail sindikalak prestatu dossierrean jaso zuten, besteren artean, ustez LKS eta Fhecor enpresek lizitaziorik gabe eskuratu zutela eraikina birgaitzeko exekuzio proiektua idazteko eta zuzendaritza teknikoa egiteko lana. Funtzio horretatik, gerora Moyua enpresak gastuetan egindako %23ko gainkostuei onespena eman zieten enpresa horiek, Donostiako proiektu eta obren departamenduko zuzendari Alfonso Vázquezen oniritziarekin.
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi zuen Hondalea proiektuan, hiriko beste proiektuetan bezala, "ezarrita dauden prozedurak gauzatuz jardun da, udal-gobernuak lehiaketari eta esleipenari buruz emandako ebazpenen bidez", eta inoiz ez dela egon "idazkariaren eta kontu-hartzailearen txostenik horren aurka; beraz, gure ustez, eragin behar diguten lege-aginduak jarraitzen dira". Udala gardena dela eta fiskaltzak eskatzea erabakiko balu, beharrezko expedienteak helaraziko zizkiotela adierazi zuen.
ARGIAk aurreratzen duenez, hala izango da, LABen salaketari garrantzia eman eta ikerketarako diligentziak irekitzea erabaki baitu Juan Calparsoro fiskalak.
LABen ustez, Proiektu Bateratuaren exekuzio proiektuaren idazketa eta birgaitzerako zuzendaritza teknikorako lanak egiteko ardura LKS-Fhecorri lizitaziorik gabe eman izana kudeaketan eginiko irregulartasuna da eta delitua egon liteke. “Proiektua onartzeko bideratu zen txostena onartu zuen Udalak, baina bertan ez zen inolako zuzendaritzarako edota idazketarako adjudikaziorik finkatzen. Proiektu eta Obretako dearduraduna izan zen egoera horretan lan hori LKS-Fhecorri tramitatu ziona”, diote. Horrez gain, LKS enpresak berak aitortu du lan hori Udalaren “enkarguz” egin duela eta LABek salatuko du beren ustez jokabide horren atzean bere funtzioen abusua gertatu dela, eta prebarikazioa ere izan litekeela.
Bestalde, diru publikoaren erabilera okerra ere salatu du sindikatuak. LKS-Fhecorrek uharteko eraikinaren birgaitze lana zuzentzeko lanaren gastua, Alfa Arte enpresak ordaindu duela dio LABek. Alfa Artek aurkeztu zuen proiektuan eta aurrekoan, ordea, ez zegoen LKS-Fhecorrek egin zuzendaritza lana ordaintzeko diru partidarik. “Alfa Artek bere diru partidatik gastu horiek ordaindu baditu, Proiektu eta Obretako arduradunak hori egitea eskatu duelako izan omen da, eta gure ustez, bigarren irregulartasunaren aurrean gaude, Udal Aurrekontuaren diru publikoren erabilera okerra egin da”, dio LABek.