Asteartean egin da Majarenas eta honen alabaren kontrako erasoaren auzi saioa. Fiskaltzak erasotzailearentzako 30 urteko espetxe zigorra eskatu du, eta akusazio partikularrak eskariarekin bat egin du.
2017an, Majarenas preso zela, honen bikotekide ohia bi urteko alaba hiltzen saiatu zen, haurra bere kargu zuen asteburu batean. Sara Majarenas eta honen alabaren kontrako erasoaren auzia Valentziako Lurralde Auzitegiaren esku dago, eta asteartean egin dute auzi saioa. Bertan, Fiskaltzak erasotzailearentzat 30 urteko espetxealdia eskatu du, eta eskaerarekin bat egin du akusazio partikularrak.
Bat etorri da zigor eskaerarekin Majarenasen abokatua, nahiz eta adierazi duen formazio saioekin lotura duten onura penitentziarioen aldekoak direla. Behin erasotzaileak zigorra beteta, segurtasun neurriak beharrezkoak liratekeela ere azpimarratu dute.
Erasotzailea otsailaren 15ean geratu zen aske, Picassenteko epaileak (Valentzia, Herrialde Katalanak) argudiatu zuelako mediku txosten baten zain zeudela eta ordurako ikerketa “gehiegi” luzatua zela. Epailearen hitzetan, behin-behineko espetxealdia “salbuespen neurria” zen, soilik “objektiboki beharrezkoa” izatekotan ezarri beharrekoa. Ordutik behin-behinean aske da gizona, eta indarrean ditu Majarenas eta labarengandik urruntze agindua, EAEn sartzeko debekua eta pultsera telematikoa soinean eramateko derrigortasuna. Mararenasen senideek jakinarazitakoaren arabera, ordea, pultserak dagoeneko huts egin du pare bat aldiz. Hargatik, sententzia eman artean erasotzailea espetxeratzeko eskatu du akusazio partikularrak.
Majarenasek “salbuespen egoera” bizi duela adierazi zuten atzo senideek, baita erasotzailearen beldur ez ezik justiziaren beldur ere badirela salatu: “Beldurra bikoitza da; libre den hiltzailearena eta Espainiako justiziarena”.