Otsailean atera zen sententzia: Kukutzaren hutsaraztean atxilotutako 23 lagunetatik 22 absolbitu eta bat 3 urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen epaileak, azken hori atentatu delituagatik kondenatuz. Bost hilabete geroago, fiskaltzak absoluzioa errekurritu du.
Horrez gain, irailean epaituko dituzte Kukutza eraitsi zuten egunean atxilotutako beste hemeretzi lagun. Desordena publikoak leporatuta, 18 eta 30 hilabete arteko espetxe zigorra eskatu dute bakoitzarentzat. Eta, horietako birentzat zortzi hilabete gehiago, erresistentzia egin izana leporatuta.
Kukutzarekin Elkartasuna taldeak salatu du iraileko epaiketa eta Fiskaltzaren erabakia “zentzugabekeria hutsak” direla, eta herritarrak mobilizatzera deitu ditu.
Kukutza eraitsi izanak sortutako haserreak bizirik dirauela erakutsi eta udaran elkartasun olatu bat piztu nahi dute: “Irailaren 12an Bilbon egingo dugun mobilizazioan lehertuko da olatua”.
[Albiste honen jatorrizko bertsioa Topatu.info webguneak argitaratu du eta atari horretako CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra]