argia.eus
INPRIMATU
Fiskaltzak EHUko zuzenbideko irakaslearen “mezu faxistak” ikertzeko eskatu dio Ertzaintzari
  • Urri hasieran kaleratutako EHUko irakaslearen inguruko txosten bat egiteko eskatu dio Fiskaltzak Ertzaintzari. Kasuaren nondik norakoak sakonki ikertzeko eta gorroto deliturik egon den ala ez aztertzeko helburua du, salaketa jartzea erabaki aurretik.

Leire Ibar 2024ko urriaren 15
Irailaren 30eko protesta jendetsua EHUko Zuzenbide fakultatean. Leioatik

EHUk salaketa jarri du eta Fiskaltzara igorri ditu irakaslearen sare sozialetako mezuak, gorroto delitua den ala ez ikertzeko. Gipuzkoako Fiskaltzak tramiterako onartu du, eta hainbat hedabidek adierazi dutenez, Ertzaintza kasua ikertzen ari da Gipuzkoako Fiskaltzaren aginduz. Printzipioz, behin poliziaren txostena amaituta, Fiskaltzak sei hilabeteko epea izango luke irakaslearen aurkako salaketa jarri ala ez erabakitzeko.

Irailaren amaieran hasi ziren Leioako campuseko irakaslearen aurkako ikasle protestak Faxismoa borrokatu! lelopean. Mobilizazioetan ikasleek irakaslearen “berehalako kanporatzea” exijitu zuten, eta argi utzi zuten “langile klasearen eta kolektibo zaurgarrien aurkako erasoek” ez dutela lekurik unibertsitatean. Leioatik! proiektu komunikatiboak jasotako adierazpenen arabera, ikasleek irmoki adierazi zuten “ideia faxisten gorakadari langile klasearen antolakuntzaren bidez” egin behar zaiola aurre.

Ikasle mugimenduaren aldarrien ostean adierazi zuen EHUk Genero Indarkeriaren aurkako Protokoloan zehaztutako prozedura irekiko zuela. Urriaren hasieran hartu zuen erabakia Unibertsitateko Berdintasun Zuzendariak,  zabaldutako mezuek “unibertsitateko printzipio eta balioekin bat egiten ez dutela” argudiatuta. Prozesua itxi bitartean, behin-behineko neurri modura, irasleari klaseak ematea ukatu zitzaiola adierazi zuen erakundeak. Euskal Herriko Unibertsitateak esan duenaren arabera, hurrengo astean itxi nahi du irakaslearen aurka irekitako prozedura administratiboa, eta hartutako erabakiaren berri emango dutela adierazi dute.