argia.eus
INPRIMATU
Fiskaltzak dio ez dela delitua polizia infiltratuak emakumeekin sexu harremanak izatea
  • Bost emakumek kereila jarri zuten Kataluniako mugimenduetan hiru urtez infiltratutako poliziaren aurka, haien aurkako sexu abusuak egin zituela egotzita. Fiskaltzak epaileari eskatu dio ez onartzeko kereila, eta adierazi du harremanetan emakumeen "onespena" egon zela.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 15
Daniel Hernández Pons, Kataluniako mugimenduetan infiltratutako polizia-satorra. (Argazkia: La Directa)

Fiskaltzak dio ez duela deliturik egin zenbait emakumerekin sexu harremanak izan zituen infiltratutako poliziak. Daniel Hernández Pons Espainiako poliziak hiru urte egin zituen Kataluniako gizarte mugimenduetan sator lanak egiten. Besteak beste, mugimenduetako zenbait emakumerekin harreman sexu-afektiboak ere izan zituen. Haren kontrako kereila jarri zuten bost emakumek urtarrilean, polizia sator lanak egiten aritu zen denboran beraien aurkako sexu abusuak egin zituela egotzita. 

Sexu abusuez gain, delitu ugari leporatu zizkioten: eskubide zibilen urraketak, osotasun moralaren aurkakoak delituak, eta euren sekretuak eta identitateak ezagutaraztea, besteak beste. Honela zioen kereilak: “Muga etikoak gainditzen ditu, eta emakume haien oinarrizko gunearen eta euren sexu autonomiaren aurka egiten du eraso”.

Fiskaltzak, ordea, epaileari kereila ez onartzeko eskatu dio, argudiatuta emakumeek "onespena" eman ziotela harreman horiei. Gaineratu du Hernández ikertzeak polizia ikerketa eta agenteen segurtasuna arriskuan jar dezakeela. Txostenaren arabera, infiltratuak polizia zela esan ez zienez, ez zuen bere karguak ematen zion boterea erabili emakumeengana iristeko.

Emakumeek, kontrara, adierazi zuten ez zuketela harekin harremanik izango polizia zela jakin izan balute. Fiskaltzak dio, ordea, gerora infiltratuaren identitatea jakin izanak ez duela aurrez izandako harremana "iraingarri" bihurtzen. Txostenean adierazi du ez dakiela emakumeek gizonari adierazi ote zioten ez luketela harremanik izango polizia batekin. Horregatik, dio litekeena dela harremanak "benetakoak" izan izana, eta ez agenteak informazioa eskuratzeko helburua zutenak.