argia.eus
INPRIMATU
Fiskaltzak delitu zantzuak aurkitu ditu iazko Osakidetzako oposizioetan
  • Hamaika kategoriatan filtrazioak egon direla, eta azterketak prestatzeko zein epaimahaia osatzeko jendea irizpide objektiboen bidez aukeratu ez dela jakinarazi dute.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 19a

Osakidetzako iazko lan eskaintza publikoaren gaineko ikerketa bukatuta, delitu zantzuak aurkitu direla jakinarazi du EAEko fiskalburu Carmen Adanen sinadurta daraman txostenak. Bertan adierazten denez, zenbait pertsonari azterketak filtratu zitzaizkien, eta azterketak prestatu eta epaimahaikide izateko pertsonak ez ziren irizpide objektiboen bidez aukeratu. Txostena epaitegi batera bideratuko da, instrukzio epaile batek iker dezan eta, behar izatera, erantzukizun penalak nori leporatu erabaki dezan.

Hemeretzi ziren, sindikatuen arabera, irregulartasunak zituzten kategoriak. Osakidetzaren barne ikerketak, berriz, zortzi diziplina baino ez zituen aztertu. Fiskaltzak honako hamaika kategorietan erreparatu ditu irregulartasunak: Kirurgia Plastikoan, Anestesiologian, Kardiologian, Digestio Aparatukoan, Angiologian, Traumatologian, Urologian, Zaintza Intentsiboetan, Larrialdietan, Mikrobiologian eta Kirurgia Baskularrekoan.

Osakidetzako zuzendaritzako hiru kargu begiz jo ditu fiskaltzak: Xabier Balerdi zuzendariordea, Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendari ohia eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria. Epailearen esku utzi du hauek dagozkien erantzukizunak zehaztea, eta eskatu dio hiru epaimahaibururi inputatu bezala deklaratzera deitzeko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du adierazpenik egin momentuz, jakinarazpen ofiziala jaso ez duela argudiatuta.

Iazko oposizioetan sortutako polemikak eman zion bide ikerketari. Anestesia espezialitateko azterketa egunaren bezperan hautagai batzuk notarioarengana jo zuten, azterketa gaindituko zutenen izenekin. Azterketen ostean, gainditutako pertsonak notarioarekin izandako hautagaiek izendatutakoak zirela ziurtatu ahal izan zen. Osakidetzako hainbat langilek filtrazioak ohikoak direla baieztatu zuten.