argia.eus
INPRIMATU
Fiskaltzak bi urteko espetxe zigorra eskatu du Mario Fernandez eta Mikel Cabiecesentzat
  • Bi urteko kartzela zigorraren eskaerapean epaituko dituzte Kutxabankeko presidente ohi Mario Fernandez, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohi Mikel Cabieces eta Rafael Alcorta abokatua. Fiskaltzak dokumentuen faltsutzea eta administrazioarekiko desleial jokatzea egozten die hiruei. 243.000 euro modu bidegabean jabetu zirela frogatuko balitz, hiru urtera igoko litzateke eskaera.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko uztailaren 13a
Kutxabankeko presidente ohi Mario Fernandez, epaiketa batetik atera berritan.

Ministerio publikoak uste du hiru akusatuak “Kutxabanki galera ekonomikoa sortu asmoz” aritu zirela, eta bankuaren zerbitzuak kontratatzeko ohiko prozesuak erabili gabe jokatu zutela. Gainera, Cabiecesek Kutxabanki diru horren ordainetan emandako aholkularitza zerbitzua erakundeak zituen beste kontratu batzuekin “erredundantea” dela iritzi du.

Kutxabankek Fernandez salatu zuenean azaleratu zen auzia. Bankuaren egungo ordezkariek azaldu zutenez, Cabiecesek 243.000 euro jaso zituen presidente ohiaren aginduz: 5.783 euro hilean. Fiskaltzaren arabera, Fernandezek erakundearen barnean agindu zuen Cabiecesi “irtenbide bat emateko” hark Gobernuaren delegaritzako postua utzi berritan. 2012ko martxotik 2014ko urria bitartean jaso zuen dirua. Alcortaren bulegoak egiten zituen bitartekari lanak.

Fiskaltzak adierazi duenez, ordainketa egiteko Alcortaren bulegoari eman beharreko diru kantitatea puztu egiten zuen Kutxabankek, eta zati hori jasotzen zuen Cabiecesek, faktura bidez. Gainera, azaldu du aldi berean Iberdrolarekin kontratua sinatu zuela PSE-EEko politikariak: 5.000 euro jaso zituen hiru urtez, “aholkulari lanak egiteagatik”. Kasua azaleratu berritan utzi zuen alderdiko kargua Cabiecesek.