Herriko tabernen auzian fiskaltzak bederatzi pertsonaren aurkako akusazioa erretiratu du eta gainontzekoei zigor eskaerak murriztu dizkie. Xeheago:
Batetik, Isabel Mandiola eta Santi Hernando libre geratuko dira fiskalak eta AVTk eta Dignidad y Justiciak (DyJ) ez dutelako zigorrik eskatu beren aurka.
Bestetik, Adolfo Araiz, Mikel Arregi, Carlos Rodriguez, Esther Agirre, Kepa Gordejuela, Pedro Félix Morales eta Andrés Larrearen aurka fiskalak ez du zigor eskaerarik egin, baina AVTk eta DyJ-k bai.
Lau urte eta sei hilabeteko kartzela eskaera egin du fiskaltzak Rufi Etxeberria, Joseba Permach –hauentzat lehen 12 urte– Karmelo Landa, Joseba Alvarez, eta Juan Kruz Aldasororentzat. Azken hiru hauei lehen 10 urteko eskaera egiten zien.
Beste hauentzat fiskalak bi urte eta sei hilabete eskatu du ETAko kide izatearen akusaziopean: Txekun Lopez de Aberasturi, Jasone Manterola, Floren Aoiz, Juanpe Plaza, Antton Morcillo, Santi Kiroga etaJon Gorrotxategi. Lehengo eskaera 10 urtekoa zen.
Beste hauentzat fiiskalak bi urte eta bi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du ETArekiko kolaborazioagatik: Jose Luis Franco, Maite Amezaga, Jon Martinez, Juani Lizaso, Jaione Intxaurraga, Ruben Andres, Enrike. Alaña, Agustin Rodriguez, Patxi Bengoa, Idoia Arbelaiz, Izaskun Barbarias eta Sabin Del Bado. Lehengo eskaera 8 urtekoa zen.
Zigorrak txikitzeko auzia eta ahozko auzia gehiegi luzatu izanaren aringarria erabili du fiskalak. Auzia 2002an hasi zen, 2008an bukatu zen instrukzioa eta ahozko auzia 2013ko urrian hasi zen.
Karmelo Landaren balorazioa epaiketatik irten ostean.
Floren Aoiz auzipetuarekin hitz egin dugu epaiketara sartu aurretik. Ikusi bideoa:
Gaur jarraitzen ari da Espainiako Auzitegi Nazionalean Herriko Tabernen Auzia moduan ezagututako 35/2002 sumarioaren ahozko saioak. Auzia 2002an abiarazi zuen Baltasar Garzon epaileak eta ezker abertzaleko 36 pertsona eta 110 herriko taberna eta elkarte ere epaitzen ari dira.
Ezker abertzaleko indar politikoak legez kanpo jartzeko abiapuntua izan zen. Epaiketa 2013ko urriaren 17an hasi zen eta seguruenik datorren martxoaren 12an bukatuko da. Gaurko eguna garrantzitsua da fiskaltzak bere azken zigor eskaerak egingo dituelako.
Auziperatutako 36 pertsona hauetako gehienak ezagunak dira HB eta Batasunan izandako jarduera politikoagatik eta, hain zuzen ere, jarduera horregatik leporatzen zaie ETAko kide izatea. Horietatik bi laguni hamabina urteko kartzela eskatzen zaie, hamasei pertsonari hamar urte eta beste hamabosti zortzi urte, guztira 304 urteko espetxe zigor eskaera.
Auziaren akusazio nagusia da herriko taberna eta elkarteen jarduera ETA finantzatzeko baliatzen zela eta horregatik hauetako arduradunak ere deklaratzera deitu izan dituzte azken bost hilabete hauetan, nahiz eta ez dagoen zigor eskaerarik haientzat. Elkarte hauen guztien kasuan, arriskua da erruduntzat hartuz gero jarritako erantzukizun zibilari aurre egiteko itxi eta bahitu egin ditzaketela.