argia.eus
INPRIMATU
Fiskaltzak atzera egin eta kale-saltzaile batentzat eskatutako zigorra apaldu du
Judith Perez @judyjudd 2014ko irailaren 26a
Kale saltzaileen protesta Bilboko epaitegiaren atarian (argazkia: Luis Jauregialtzo / ARP).

90 euroko isunaz gain, 500 euroko kalte-ordaina ere ordaindu beharko du Mbaye Fall senegaldarrak. Mbolo Moy Doole eta SOS Arrazakeria elkarteek salatu dute kalte-ordaina ez datorrela bat Fallek saldu zuenarekin, eta horregatik uko egiteko eskaera egin dute.

Jarrera aldaketa

Arturo Hernandez, Mbaye Fallen abokatuak, adierazi du fiskaltzak hasieran “gogorregi” jo zuela kaleko saltzailearen kontra, baina onerako  jarrera aldaketa antzematen duela azkenaldian: “Ez dira hain zorrotzak. Beste begi batzuekin begiratzen dituzte halakoak. Legedia ere askoz hobea da. Aldaketa berandu, baina iristen ari da”.

Kale-saltzaile senegaldarra 2009an atxilotu zuten Zarautzen, 118 CD eta 45 DVD gainean zeramatzala. Fiskaltzak jabetza intelektualaren kontrako delitua leporatu, eta zigorrik handiena eskatu zuen.

Gipuzkoako Fiskaltzak hainbat salaketa eta kritikak jaso ditu, jabetza intelektualaren kontrako delituei dagokionez Espainiako Estatuko zorrotzenetarikoa izateagatik.