LAB sindikatuak Donostiako Udalaren aurka salaketa jarria zuen, Santa Klara uharteko itsasargian Hondalea eskultura lanerako kontratazioari lotuta. Sindikatuak irregulartasunak salatu zituen. Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Gipuzkoako Fiskaltzak ez du irregulartasunik aurkitu administrazio prozesuan.
Udalaren oharrak azaldu duenez, erakunde publikoak eskulturaren exekuziori buruzko dokumentazioa eskura jarri zion Gipuzkoako fiskalburuari eta hark adierazi du ezin dela ondorioztatu Santa Klara uharteko itsasargiaren eraikineko obrak kontratatzeko prozeduran irregulartasunik egin denik. Fiskaltzak adierazi du “indarrean dagoen legeriara egokitu” zirela eraikuntza lanak eta beraz “ezin dela zigor mota bakar batean ere sartu”.
Salaketa artxibatuta, ez dago errekurtsoa aurkezteko aukerarik.
Eneko Goia Donostiako alkateak fiskaltzaren epaia jakinda gero adierazi du egiaztatuta geratu dela prozedura administratiboa "legezkoa, zuzena eta zuzenbidearen araberakoa" izan dela. Bestalde, udal langileen eta kontrol organoen jokabidea defendatu du.