Fiskaltzak hamalau urteko espetxe zigorra eskatu du Mario López saskibaloi entrenatzaile ohiarentzat. Akusazio partikularrak hemezortzi urtekoa eskatu du. Gernika-Lumoko Sare Feministak elkarretaratzea deitu du Bilboko epaitegi aurrean. Lópezi 1998 eta 2001 artean adin txikiko neska bati sexu eraso jarraitua egitea egozten zaio.
Asteartez, urtarrilak 14, hasiko da epaiketa Bizkaiko Lurralde Auzitegian, Bilbon (Barroeta Aldama kalea), eta hiru egunez luzatuko da. Ateak itxita egingo dute, Bizkaiko Auzitegiak hala erabakita, biktimaren "intimitatea" zaintzeko.
Busturialdeko Hitza-k Gernika-Lumoko Sare Feministaren esanak jaso ditu. Sareak herritarrei dei egin die Bilboko epaitegiaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartzeko. 9:00etan bilduko dira atarian. Adierazpen hauek egin ditu sareak: “Adierazi diezaiogun gure babesa biktimari, goxotu dezagun nolabait jasan beharko duen prozesua. Datorren astearte goizean Bilboko epaitegi aurrera hurbiltzeko deia luzatzen diegu herritarrei, biktimari beharrezko babesa emateko, eta elkar zaintzen eta saretzen jarraitzeko”.
Sexu abusuak hiru urtez jasan zituen
Emakumeak 2023ko abenduan salatu zuen entrenatzaile ohia. Sexu erasoak 1998an hasi ziren, biktimak 13 urte zituenean, eta 2001era arte iraun zuten. Emakumeak azaldu duenez, erasoak 50 alditan baino gehiagotan gertatu ziren; lehenik, López entrenatzaile zuen ikastetxean, eta, geroago, hiru urtez, saskibaloi klubean. Salatzailearen hitzetan, Lópezenganako “beldur etengabean” bizi izan zen, eta Lópezek kontrola eta indarkeria erabiltzen zituen bere gain, baita gainerako jokalarien aurrean ere, entrenamenduetan. Akusazioaren arabera, entrenatzailearen “harrokeriak eta gehiegizko konfiantzak” markatu zuten harremana, eta gaztearen “zaurgarritasun berezia” larrigarritzat jo du.
Salatzaileak 2003an utzi zuen kluba, baina ez zituen gertaerak salatu 2023ra arte, oraindik Mario Lópezek Gernika taldeko entrenatzaile jarraitzen zuela. Salaketa publiko egin eta gutxira kargutik kendu zuten.