argia.eus
INPRIMATU
Fiskalitatea errotik aldatzeko eskatu du ELAk
  • Hego Euskal Herriko ogasunek 6.500 milioi euro gehiago bilduko lituzkete Europar Batasuneko bataz besteko presio fiskalarekin. Hori adierazi du ELAko idazkari nagusi Adolfo "Txiki" Muñozek fiskalitatearen harira egindako agerpenean. Sindikatuaren arabera, politika fiskala “errotik” aldatu beharra dago iruzurrarekin amaitzeko.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko martxoaren 05a
Txiki Muñoz, atzo egindako agerpenean (Argazkia: ela-sindikatua.org)

Eusko Jaurlaritzak seinalatutako bidea gogorregia dela salatu du Muñozek, eta AEBetako kasuarekin alderatu du. Bertan, Obamak aurrekontuetan %2,3ko murrizketak neurri larritzat jo ditu. EAEn, berriz, Urkulluk %11,5ekoak izango direla aurreratu du eta, ELAko idazkari nagusiaren ustez, “ez da ezer gertatzen”. Halaber, azpimarratu du Jaurlaritzaren politikek enplegu galera handia ekarriko dutela.

Urkulluk berak, astelehenan egindako adierazpenetan, esan zuen "2013a gure historia hurbileko urterik zailena" izango dela.

ELAko politiken arduradun Mikel Novalek "kapital errentek duten tratu pribilegiatua" ezabatzea eskatu du. Bere ustez, zerga sistemak oinarri bakarra izan behar luke: “Diru-sarrera guztiek tratamendu berbera edukitzea”.