argia.eus
INPRIMATU
Fiskalak zigor eskaera gogorra mantendu du 2014an Gasteizen atxilotutako sei ikasleentzat
  • Guztira 13 urteko espetxe zigorra eta 5.000 euroko isunen eskaerak berretsi ditu fiskalak, Gasteizen egindako epaiketan. Auzipetuei babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute epaitegi aurrean.

Topatu.eus @topatu_eus 2016ko irailaren 15a

2014ko martxoaren 19an sei ikasle atxilotuak izan ziren Gasteizko EHU-UPVko Canpusean elkarretaratze batean. Euskal preso politikoek unibertsitatean ikasteko duten eskubidea aldarrikatzeko antolatu zuten protesta. Elkarretaratzearen baitan hainbat ikaslek mural bat egiteari ekin zioten horma batean, aldarrikapen berari loturik. Orduan, kalez jantzitako ertzainek inolako azalpenik eman gabe ikasleetako bat atxilotu zuten. Ondoren, hainbat ikaslek errepidea moztu zuten lurrean eserita, atxilotua egoera duin batean jartzeko eskatuz. Momentu horretan Ertzaintzak kargatzeari ekin zion, eta beste bost gazte atxilotu zituen.

Asteazkenean epaitu dituzte sei gazteak Gasteizko epaitegian, goizeko 9:00etan hasi den auzian. Ia lau ordu iraun ditu auzi saioak, eta bitartean elkarretaratzea egin dute hainbat ikaslek epaitegiaren aurrean, auzipetuei sostenguz. Autoritatearen aurkako delitua eta lesioak eragitea egotzita hiru urteko espetxe zigorra eskatu diote sei ikasleetako bati. Gainerako bostei, ustez autoritatearen aurkako delitua egiteagatik bi urte bakoitzari. Guztira 5.000 euroko isuna eskatu die fiskalak. Auzi saioan, besteak beste, 2014ko martxoaren 19an izandako gertakarietan parte hartu zuten ertzainek eta segurtasuneko langileek ere deklaratu dute. Fiskalaren eskaeraren aurrean, sententziaren zain gelditu dira orain sei gazteak.

2014an bezala gaur ere, aldarrikapen berdinean berresten direla adierazi dute sei auziperatuek: “Euskal preso politikoek EHU-UPVn ikasteko duten eskubidea ozen aldarrikatu nahi dugu”. Gainera, ikasleen mobilizazio eta protesten aurka etengabe ematen diren polizia jazarpenak salatu nahi izan dituzte: “Gorputz armatuek unibertsitatetik kanpo behar dutela pentsatzen jarraitzen dugu. Zehazki guk aldarrikatzen dugun unibertsitate ereduaren beste muturrean dagoelako egungo eredua”. Epaiketan errepikatu besterik egin ez den "zirkua" eta "muntai poliziala" ere salatu dituzte.

 

Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.