argia.eus
INPRIMATU
Fiskalak ere zigor handiak eskatu ditu “ongietorrien” auzian: ia sei urte akusatu bakoitzarentzat
  • Bost urte eta zazpi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du Carlos García Berro fiskalak Oihana Garmendia, Oihana San Vicente, Haimar Altuna, Felipe San Epifani Pipe, Kai Saez de Egilaz, eta Antton Lopez Ruizentzat, 2016 eta 2020 artean preso politikoei antolatutako “ongietorriengatik”.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko maiatzaren 24a
Argazkia: Noaua

Bi delitutan banatu ditu fiskalak zigorrak: batetik, “erakunde kriminala eratu eta zuzentzeagatik” hiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du; bestetik, “biktimak modu jarraituan umiliatu eta terroristak goresteagatik” bi urte eta hilabete batekoa.

Manuel García Castellón da epaile instruktorea eta bere akusazioan, ezker abertzaleko sei kide horiek “modu sistematikoan antolatu zituzten” presoei harrera egiteko 120 ongietorritik gora Kalera Kalera dinamikaren barruan.

Orain akusazioek eta fiskaltzak ere bide beretik jo dute, baina AVTk bederatzi urteko kartzela eskaera egin du bakoitzarentzat, eta Dignidad y Justicia elkarteak zortzi urte eta zortzi hilabete bakoitzarentzat.

Edozein kasutan, zigor eskaera handiak dira, egungo testuingurua kontuan hartuta, besteak beste, ETAk duela hamahiru urte utzi zuela bere jardun armatua, eta ongietorri gehienak dagoeneko eremu pribatuan egiten direla.