argia.eus
INPRIMATU
Fiskalak absoluzioa eskatu du Cervera diputatu ohiaren ahozko auzian
  • Astelehenean hasiko da Santiago Cervera PPko diputatu ohiaren aurkako ahozko auzia Nafarroako Lurralde Auzitegian.

ARGIA @argia 2015eko ekainaren 01
Santiago Cervera Nafarroako PPko lehendakaria izan zen.

Cervera 2012ko abenduan atxilotu zuen Guardia Zibilak Iruñean, harresietako zulo batean jarritako sobre-amu bat hartzera joan zenean.

Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako buruari xantaia egitea leporatu zioten Nafarroako PPko lehendakari ohiari. Asiaini norbaitek xantaia egin zion, harresietako zulo hartan 25.000 euro zuen sobrea uzteko esanez, bestela honek eta bere semeak abokatu gisa CANekin egindako kontratuen berri emango zutela. Asiainek xantaia salatu zuen eta Guardia Zibilak amua jarri zuenean, Cervera agertu zen harresian sobre bila.

Cerveraren esanetan, berari mezu bat iritsi zitzaion esanez harresietako zulo hartan CANi buruzko informazio konfidentziala zegoela eta horren bila joan zen. Ez zuela horrelakorik egin behar aitortu zuen, baina jakin mina zuhurtzia baino indartsuagoa izan zela onartu zuen. Baldintzapeko askatasunean jarri zutenean, Cerverak diputatu akta utzi zuen, bere esanetan epaitegi arruntetan beste herritarrak bezala epaitua izan zedin eta ez Espainiako Auzitegi Gorenean bere diputatu karguak ahalbidetzen zion gisan.

Epaiketa ekainaren 1, 2 eta 3an egingo da eta 44 pertsona izango dira bertan lekuko gisa, tartean Enrique Goñi CANeko buru ohia. Asteazkenean deklaratuko du azken horrek. Asteartean izango da Asiainen txanda.

Ikerketari dagokionez, fiskalak uste du ezin izan dela frogatu nork bidali zion e-posta Asiaini, baina mezua bidali zitzaion unean Cervera ez omen zegoen konektatua internetera. Horregatik, eta defentsa abokatuarekin ados, absoluzioa eskatuko du fiskaltzak. Akusazio partikularrak 14 hilabeteko zigorra eskatzen du akusatuarentzat, bere ustez argi baitago Cerverak egin ziola xantaia Asiáini.