Laudioko osasun zentro pribatu batean gertatutako eraso matxista salatu du Aiaraldeko Mugimendu Feministak. Baimenik eta azalpenik eman gabe, barruko arropa kendu eta bagina ukitu zioten emakumeari.
Iragan ostegunean osasun profesional baten eskutik, eraso matxista jasan izana salatu du emakume batek. Bizkarreko arazoak medio jo zuen osasun zentrora. "Bizkarreko mina nuelako joan nintzen zentrora. Aldaka aztertzeko prakak jaitsi zizkidan lehenik, eta ondoren barruko arropa. Ipurdia ukitu zidanean hasi nintzen larritzen, gerta zitekeenaren beldur nintzen. Gorputza ikutu beharra bai, baina tanga kentzea ez zitzaidan normala iruditu", adierazi du aiaraldearrak, "luzaketak egin zizkidan, eta mina sentitu nezakeen gunea azaltzeko eskua baginatik pasatu zidan".
Hori dela eta, Aiaraldeko Mugimendu Feministarengana jo zuen: "Oso babestua sentitu naiz, aurrera egiteko indartsu. Ez dut nik bizitakoa beste inork jasaterik nahi". Orduan erabaki zuen salaketa jartzea bide judizialetik, baina ez diote epaiketara iristeko aukera bermatu: "Salaketa auzitegietara iristea oso zaila zela esan zidaten".
Tratamendu prozedura ohikoa izan zen jakiteko espezializazio bereko beste aditu batekin jarri da harremanetan Aiaraldea hedabidea, eta jokaera hori ez-ohikoa dela baieztatu dute profesionalek: "Jarrera hori zeharo jokoz kanpo dago. Bagina zoru pelbikoa lantzeko edota erditze saioetan ukitzen da, baina beti azaltzen zaio aurrez ariketa pertsonari, eta ahoz zein idatziz baimena eskatzen zaio".
Mugimendu feministaren irakurketa
Aiaraldeko Mugimendu Feministaren bidez salatu dute publikoki azken kasua: "Osasun profesional batek bere botere egoera aprobetxatuz, azalpen eta baimendu gabeko ukipenak egin zizkion erasotuari". Ez dute gertaera isolatutzat hartu kasua: "Sistematikoki emakumeok bizi dugun zapalkuntza egoeren ondorio den eraso bat da. Indarkeria matxista egiturazko biolentzia da; emakumeok, emakume izate hutsagatik egunero jasaten ditugun begirada, keinu edo gutxiespen sotilenetatik erailketetaraino". Erantsi dutenez, indarkeria matxistak ez du mugarik, "sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna delako, eta pertsonen arteko botere harremanak mantentzeko baliabidea ere". Bestalde, justizia sistema ere jarri du jo puntuan mugimendu feministak: "Babesgabe uzten gaitu erasoen aurrean. Ez gaude bakarrik, asko gara eta ez daukagu beldurrik. Emakumeok ahaldundu eta indarrak batuko ditugu, indarkeria matxisten kasuei hortzak erakusten jarraituko dugu".
Urtarrilaz geroztik, hiru eraso salatu ditu publikoki Mugimendu Feministak: Urduñan, Orozkon eta Laudion. Zentzu horretan, edozein motatako biolentzia matxista bizitzen dabiltzan emakumeei babes osoa helarazteaz gain, salatzeko deia luzatu diete.
Berri hau Aiaraldeak argitaratu du, eta CC-By-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.