Astelehen goizean Gailur Alde S.L. enpresako bi langile bertarau dira orain hiru urtetik okupatuta dagoen fabrikara. Astebete bada jakinarazpena jaso eta sirena hotsak jo zituztela. 30 lagunetik gora zain zeuden barnean, asko gaua bertan igarotakoak, langileei sartzen ez uzteko. Langileek ezin izan dute eraikina barrutik ikusi eta joan egin direnean, prentsaurrekoa eskaini dute Fires-ko asanbladako kideek. Salatu dute Añorgako eremu horretan etxebizitza gehiago egin nahi dituztela. 18:00etan asanblada deitu dute gaur astelehenean.
2015eko Maiatzaren Lehenenan okupatu zuten bere garaian Firestone gurpil markaren lantegi izandako eremu abandonatua. "Lantegi berreskuratu" izaera eman eta hainbat proiektu autogestionatu aurrera eramaten dituzte bertan: liburutegia, tailer mekanikoa, aroztegia, forja, laborategi hackerra, jostun tailerra eta okindegia nabarmendu dituzte.
Espazio honen biziraupena arriskuan dagoela adierazi dute, inguruko beste eraikin batzuekin batera. "Eremu honetan, 250 etxebizitza eraiki nahi ditu Gailur-Alde SL enpresak, EAJren babesean eta urtebeteko epean".
"Inposatutako proiektua da eta horrek dakarrenaren aurrean, funtsezkoa ikusten dugu Fires defendatzea; batetik, proiektu autogestionatuak ahalbidetzen dituen espazioa delako; eta bestetik, aipatutako hiri ereduaren aurka egiteko", adierazi dute.
Momentuz dituzten asmoak jakinarazi dituzte: orain arteko jardunarekin jarraitzea pentsatzen dute, eta horregatik, larunbat honetarako prestatua zuten deialdia indartu nahi izan dute: Udazken Jaialdia. Hala ere, aitortu dute, ezin dutela ahaztu arrisku egoeran daudela eta proiektuarekin bat egiten duten herritarrei adi egiteko deia zabaldu diete.
"Turistak erdialdera, eta auzotarrak kanpoaldera"
Proiektu hau ez dutela modu isolatuan ulertzen jakinarazi dute. "Azken aldian gero eta ageriagoa da hiria interes ekonomiko jakin batzuen arabera antolatzen ari direla. Are gehiago, turismoaren industriaren mepe bizi den hiri honetan". Donostia erdigunean bizi ezin duten herritarrak inguruko periferietara bidaltzen ari direla salatu dute, eta etxebizitza hauek ere, logika horretan kokatu dituzte.
Gaineratu dute añorgatarren iritzia kontutan hartu gabe diseinatutako proiektua dela eta aurrera eramanez gero, "zeharo aldatuko du auzoaren bizitza".
Jarraian Irutxuloko Hitzak prentsaurrekoan grabatu duen bideoa:
Jarraian okupazioa egin zutenean Topatuk egin zuen bideoa: