argia.eus
INPRIMATU
Finlandian protesta jendetsuak murrizketen aurka
  • Irailaren 18an milaka pertsona irten ziren kalera Finlandiako hiriburuan, Helsinkin, murrizketa sozialen aurkako manifestaldian. Hiru sindikatu nagusiek antolatutako mobilizazioan Finlandiako lehen ministro Juha Sipilä eskuindarraren aurka jo zuten.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 21
Gaur egun Finlandia da langile gehien kaleratzen duen herrialdea EBn (Argazkia: elnuevodia)

Finlandiako hiru sindikatu nagusiek antolatu dituzte protestak: SAK, STTK eta Akava. Taldeok 2,2 milioi afiliatu dituzte herrialde eskandinaviarrean, populazio aktiboaren %80.

Protestaren ondorioz komertzio ugari partzialki itxita egoteaz gain, 24 orduz aktibitatea gelditu dute merkantzia portuek eta paper eta zelulosa fabrikek. Hainbat orduz garraio publikoa etenda egon da eta aireportuetan hegaldi ugari bertan behera gelditu dira.

Baso sektorearen eta teknologia industriaren galerak medio, hiru urte jarraian daramatza Finlandiak atzeraldi ekonomikoan. 2008ko krisi ekonomikoaren hasieratik, herrialdearen zor publikoa bikoiztu egin da, orain Barne Produktu Gordinaren %60 delarik.

Joan den maiatzean Sipilären koalizio liberalak hauteskundeak irabazi zituenetik, hainbat neurri aurkeztu dituzte, langileen eskubideei eragingo dietenak: funtzionarioen opor egunak 38 egunetik 30era jaitsiko dira, jai egunetan lan egiteagatik jasotzen diren ordainak murriztu egingo dira eta bajan daudenen soldata %100etik %75ra gutxituko da.