argia.eus
INPRIMATU
Finlandiako herririk hotzenak Udako Olinpiar jokoak antolatu nahi ditu “berotegi efektuari esker”
  • Salla herriak, Finlandiako herririk hotzenak, bere burua aurkeztu du 2032ko Udako Olinpiar jokoak egiteko. Hala eskatu dute umorezko bideo baten bitartez, "berotegi efektuari esker" ordurako tenperaturak nabarmen gora egingo dutelakoan. 

     

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko apirilaren 09a
Argazkia: Save Salla, save the planet

Finlandiako herririk hotzenak berotegi efektua salatzeko Save Salla, save the planet kanpaina originala sortu dute. Hiru minutuko bideo batean, umorea eta ironia erabiliz, berotegi efektuak eta klima aldaketak eragin eta eragingo dituen aldaketak salatu dituzte. 

Ekimena gauzatzeko, Omnicom Africa agentziaren laguntza izan du herriak. Spot bat sortu dute udako Joko Olinpikoetako proba batzuk elurrez betetako espazio eta paisaietan aurkezteko. 

Hautagaitza olinpiko faltsuak bere logotipo ofiziala eta Kesa (uda) izeneko maskota ere baditu. Maskota tenperatura altuetan egoten ohituta ez dagoen elur-oreina da. Kanpainarako osagai  asko sortu dute: bideoa, maskota, merchandising-a (kamisetak, katiluak edo txanoak), egoera hobetzeko gomendioak eta 2032. urtean Salla errepresentatzen duen mapa bat. Mapan izoztuko litzatekeen izotz kopurua ageri da eta neguko kirolak udakoengatik nola aldatu liratekeen ere.

Salla 3.500 biztanleko herria da. Laponia eskualdean dago, Finlandiako ipar-mendebaldean. Herri honetan hotz handia eta elurra egiten du ia urte osoan, neguan -17 °C-tik -4 °C-ra bitarteko tenperaturarekin.